Pailazoen emanaldiak, inauteriei agur esateko

Barren 2024ko ots. 13a, 11:17

Inauterietako martitzena da gaur, mozorrotzeko eta lotsa kentzeko azken eguna aurtengoz. Gainera, mozorrotzearen profesionalen bisita jasoko dute Elgoibarrek zein Mendarok, bi herrietan egongo baitira pailazoen emanaldiak.

Mendaron ez da ohikoa inauterietako martitzenean ekitaldirik egotea, baina, pailazo ikuskizuna lotu du gaurko Mendaroko Udalak. Potx eta Lotx pailazo oñatiarrak etorriko dira, Aireportuan ikuskizunarekin. Emanaldia frontoian izango da, 17:00etan hasita. Hona hemen Aireportuan ikuskizunaren sinopsia: Potx eta Lotx pailazoen ametsa hegazkinez bidaiatzea da, eta amets hori betetzear direla, megafoniatik esango diete beraien hegaldia atzeratu egin dela. Planak aldatu beharko dituzte pailazoek azken momentuan, eta hainbat abentura biziko dituzte.


Kiki, Koko eta Moko pailazoak Elgoibarren


Mendaroko emanaldia hasiko den ordu berean, 17:00etan, hasiko da Elgoibarren Kiki, Koko eta Moko pailazoen emanaldia ere. 'Bizibizi zirkua' ikuskizuna taularatuko dute Maalako eszenatokian. Zirkuaren gaia jorratzen duen ikuskizuna da, eta abesti, dantza eta joku parte hartzaile asko ditu, guzti-guztiak Kiki, Koko eta Moko pailazoek sortu eta konposatuak. Diabolo, pilota, kariokak, moniziklo, mazak, eskailera, uztai eta txapelekin saioak ere egingo dituzte.
Ohi duten moduan, Jubilatuen Biltokian ere ospatuko dituzte inauteriak , 17:30ean hasiko duten dantzaldiarekin eta mozorro lehiaketarekin. Kaleetan ere igarriko da inauteri giroa, eta kalejiran irtengo dira Mausitxa txaranga, erraldoi, buruhandi eta zezenzikletez lagunduta. Maalako parketik abiatuko dute kalejira, 18:15ean. 

Eta, ohi duten moduan, Herri Eskolakoek ere ospatuko dituzte inauteriak gaurko egunez. Ikastetxeko patioan egingo dute inauterietako jaialdia.