Hala izango da aurten ere Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunearen taldekoentzat. Baserriz baserri ibiliko dira kantuan eta eskean, hiru talde eginda:helduenak bi eta Atxutxiamaikarena bat. Ez dira, hala ere, eske-errondan irtengo diren talde bakarrak izango. Mendaroko eskolako eta Elgoibar ikastolako umeak ere irtengo dira kalera kantura, barikuan eta astelehenean, hurrenez hurren, eta zapatuan, otsailak 3, izango dute eskerako eguna Mendaron, bai eta Etxegiñakoek ere, Elgoibarren.
Kristautasunaren aurreko osagai paganoak dauzka Santa Ageda bezperan kantuan ibiltzeak. Inauterien izaera berbera ematen diote etnografo batzuek: natura lozorrotik irteteko zarata egin eta negu gorria bukatzera doala ospatu. Hortik makilekin lurra kolpatzearena. Baina zentzu etnologikoaz gain, beste helburu bat ere izan du aspaldiko urteetan Santa Ageda bezperak: eskea. Etxerik etxe, eskean ibiltzea izan da tradizioa gurean, trukean etxekoei kopla batzuk kantatuz, eta usadio horri eusten diote Elgoibarren eta Mendaron ere zenbait taldek. Hona, puntuz puntu, talde bakoitzaren plana.
Ostiralean, Mendaron, ikastolakoen kantu-erronda
Otsailaren 2an, ostiralean, irtengo dira kantura Mendaro ikastolako eskola-umeak, 15:10ean. LH3, LH4, LH5 eta LH6ko ikasleek hasiko dute kantu-erronda, eguneko zentroan, eta Txokolategi parean eta Azpilgoetako Erramu arbola inguruan geldialdi bana egingo dute kanturako. Handik, Herriko Enparantzarantz abiatuko dira eta plazan zain izango dituzte LH1 eta LH2ko ikasleak. Udaletxe aurrean kantuan egin eta Mendarozabalerantz joango dira gero. Eskola ondoan HH3, HH4 eta HH5koak batuko zaizkie taldera eta Mendarozabalen bukatuko dute erronda, elkarrekin, kantuan. Amaitutakoan eskolara itzuliko dira haurrak.
Otsailak 3, Mendaroko santa eskea
Zapatuan dute kanturako eta eskerako eguna Mendaron. Urtero legez, 08:30ean abiatuko dira Herriko Enparantzatik, hiru taldetan banatuta. Sahatzu mendira egingo du taldeetako batek, Amaia Agirre eta Nerea Ostolaza bertsolariak eta Iñaki Elortza Kortaberri eta Jon Larrañaga trikitilariak lagun hartuta. Mendarozal auzokoek, berriz, Beñat Lizaso eta Aitor Salegi bertsolariak izango dituzte koplari lanetarako eta Idurre Arriola, Amaia Sukia eta Maite Olazabal soinu eta panderoarekin. Azkenik, Aranerrekan, Iñigo Zubiaurre Beitxi eta Aitor Zubikarai arituko dira koplari lanetan, eta Iñigo Loiola, Igor Rey eta Leandro Esnaola, trikiti eta panderoarekin Santa eskean batzen duten dirua In Leike kultur elkartearentzat izango da aurten, eta elkartetik zehaztu dute Eusebio Mugertza Txirristaka bertso-jartzailearen 150. urtemugako kultur-programa antolatzeko baliatuko dutela dirua. Baserriz baserri eta kalez kale arituko dira eskekoak, eta ondoren, Aizpe elkartean bazkalduko dute elkarrekin.
Etxegina taldekoen santa eskea
Otsailaren 3an irtengo dira Elgoibarren Etxegina taldekoak santa eskera. Urtero bezala, Bolatokian elkartuko dira, 09:00etan, eta bi taldetan abiatuko dira kantura. 11:00etan La Union elkartean elkartuko dira gero, San Lazaro egoitzara elkarrekin joateko kantura. 12:00etatik aurrera, erdiguneko kaleetan ibiliko dira eskean eta kantuan, eta ondoren Baltasar elkartean bazkalduko dute. Ignacio Mugertza eta Iñigo Legorburu arituko dira koplari, eta Elgoibarko Herri Eskolako eta ikastolako haurrak ere batuko zaizkie.
Otsailak 4: Elgoibarko Izarraren santa eskea
Elgoibarko Izarraren santa eskeak 30. urteurrena izango du aurten, 1994an berreskuratu baitzuten Santa Ageda bezpera egunez baserriz baserri kantuan eta eskean jarduteko usadio zaharra. Iaz bezala, bi plan prestatu dituzte aurten ere: Bata, helduena: 08:30ean elkartuko dira Kalegoen plazan, eta bi taldetan banatuta, Aiastia, Sallobente eta Urruzuno auzoak koplatuko dituzte. German Meabebasterretxea, Juan Mari Areitio, Millan Telleria eta Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe izango dira koplariak eta Ander eta Aintzane Agirrebeña neba-arrebak eta Oier Baltzola eta Aitziber Larrañaga izango dituzte lagun soinu eta panderoarekin. Hirugarren taldea Atxutxiamaikarena izango da. Talde honetakoak 10:00etan elkartuko dira Azkueko ermitan, eta 15:00ak arte jardungo dira auzoko baserrietan kantuan. Uxue Alberdi eta Eneko Beretxinaga arituko dira koplari eta Zabaletarrak trikitiarekin. 50 lagun baino gehiago elkartuko dira Elgoibarko Izarraren koruetan, eta 15:00ak aldera arte arituko dira kantuan eta eskean. Ondoren, Sigma jatetxean bazkalduko dute elkarrekin.
Otsailak 5: Elgoibar Ikastolakoen kantu-erronda
Otsailaren 5ean, irtengo dira kopla kantura Elgoibar ikastolako ikasleak, 10:00etan. Elkarrekin abestuko dituzte eguneko lehenengo koplak HHko eta LHko ikasleek, Ikastolako atarian, eta ondoren, adinka banatuko dituzte, herri osoa koplatzeko. LH1 eta LH2koak esaterako, Gabriel Krutzelaegi, Maala, Toletxe eta Artetxe kaleetan barrena arituko dira kantuan, eta LH3 eta LH4koek, Urazandi, Jausoro, Kalegoen plaza eta Kultur Etxea koplatuko dituzte. LH5 eta LH6koak, berriz, Gabriel Krutzelaegi, Basarte, Erretsundi, Arregitorre eta San Roke inguruan arituko dira kantuan. HH4 eta HH5ekoak ere irtengo dira kantura, eta LH5 eta LH6koekin batera, Gabriel Krutzelaegi kalerantz joango dira kopla-kantuan, ikastola atarian egingo duten hasierako saio horren ondotik. Ikastolatik ohartarazi dute euria egingo balu, ikastolan ospatuko luketela.