Sektoreko lan hitzarmen berria sinatu arren, grebari eutsiko diote kiroldegiko hainbat langilek

Barren.eus 2023ko uzt. 12a, 15:16

Kiroldegiko hainbat sorosle eta monitore greban daude apirilaren 20tik beraien lan baldintzak hobetzeko eskatuz, eta hiru hilabete betetzear dauden honetan manifestazioa egin dute. ELA sindikatuko ordezkariak eta hainbat herritar batu dira deialdira, eta manifestazioan joan dira kiroldegitik udaletxe aurrera arte. 

Apirilaren 20an hasi zuten greba kiroldegiko monitore eta sorosleek, BPXport enpresari eta Udalari beraien lan baldintzak hobetzeko eskatzeko. Langileek salatu dute 2012ko soldatekin daudela gaur egun, eta gainera, urte hartan soldaten %10eko jaitsiera izan zutela. Langile batzuk lanera itzuli badira ere, une honetan lau langilek greban jarraitzen dute oraindik, eta ELA sindikatuak deituta egin dute manifestazioa gaur eguerdian. ELAko ordezkariak, langileak eta hainbat herritarrek eman diete babesa. 

BPXport enpresatik jakinarazi dute bestalde, Gipuzkoako Titulartasun Publikoko Kirol Instalakuntzen hitzarmen berria sintau zutela astelehenean. Enpresatik esandakoaren arabera, hitzarmen hori sektoreko enpresa eta administrazio guztientzat izango da aplikagarria derrigorrean, eta Gipuzkoako langile guztien baldintzak hobetzea ahalbidetuko duela. "Besteak beste, Elgoibarko Olaizaga kiroldegiko eta Mintxetako BPSport enpresako langileei eragingo die hitzarmen berriak, eta kontratu administratibo berriarekin batera hitzarmen honetako hobekuntza guztiak jasoko dituzte: besteak beste, soldata igoerak, atzera eragineko ordainketak eta urteko lan orduen murrizketa". UGT, CCOO eta LAB sindikatuek sinatu dute hitzarmena, baina ELA ez da akordio horretara batu, "hitzarmenak jasotzen dituen baldintzak ez zaizkielako nahikoak iruditu", eta kiroldegiko hainbat langilek greban jarraituko dute, enpresarekin akordio bat lortu arte. ELAtik esan dutenez aste honetan "estreinakoz" batu dira Udalarekin, eta datorren astean BPXport enpresarekin batzea espero dute, negoziaketan aurrera egiteko. 

2023 07 12 manifestazioa langileak kirola elgoibar

∞Lotura duten albisteak: