Anezka programan parte hartu nahi duten gazte langabetuekin bilera egingo du Debegesak apirilaren 5ean

Barren.eus 2016ko mar. 29a, 14:32

Gazteak lan mundura sartzea errazteko asmoz, Debabarreneko Enplegu Anezka egitasmoari helduko dio Debegesak apirilean. Lanik gabeko 18tik 29 urtera bitarteko gizonezkoek eta 18tik 34ra bitarteko emakumeek izena eman dezakete. Berdin da bakoitzaren ikasketa maila edo perfila.

Programan parte hartzea pentsatzen ari diren gazteekin bilera egingo du Debegesak apirilaren 5ean, 10:00etan, bere bulegoetan (Azitain industrialdea, 3, Eibar). Bileran, programaren inguruko zalantzak argituko ditu Debabarreneko garapen agentziak.

Izenemate epea zabalik dago eta apirilaren 7an itxiko da. debegesa.eus webgunean agertzen den formularioa beteta egin daiteke izenematea. Zalantzarik izanez gero,  943 820 110 telefonora deitu edo lanzadera@debegesa.eus helbidera idatzi daiteke.

Izena ematen duten guztietatik 25 lagun aukeratuko dituzte. Hautatutakoak hainbat egunetan Debegesara joan beharko dute. Teknikari baten laguntzarekin, coaching eta adimen emozionaleko saioak egingo dituzte, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0, elkarrizketa pertsonaletarako entrenamendua, enplegagarritasun mapak, enpresetara bisitak, bilerak ekintzaileekin, lan bitartekaritzako prozesuak giza baliabideetako arduradunekin...

2016 03 29 enplegu anezka kartela