Ideko zentro teknologikoak 10,3 milioi euro fakturatu zituen 2022an

Barren.eus 2023ko mai. 30a, 14:15

Elgoibarko Arriaga industriagunean dagoen Ideko zentro teknologikoak 2022ko kontuak onartu berri ditu batzar orokorrean, eta adierazi dute "sendotu" egin dutela ikerketaren eta fabrikazio aurreratuaren arloko abangoardia zientifiko-teknologikoan duen posizioa.

Idekotik nabarmendu dutenez, sendotze horren ondorioa eta adierazlea da 2022an 10 milioi eurotik gorako fakturazioa eduki izana. Fakturazio horren ia erdia, %49a, enpresekin egindako kontratuetatik eskuratu zutela zehaztu dute, eta gainerako %51 ikerketa propioko jardueretatik. Guztira 10,3 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu zentroak, eta "goranzko joerari" eutsi izana azpimarratu dute: "2021ean fakturatutako 9,8 milioi euroak gaindituz".

Fakturazioa are zehatzago aztertuta, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den zentroak, 5,01 milioi euroko sarrerak (guztizkoaren %49) izan zituen 2022an enpresekin egindako I+G proiektuen bidez, batez ere makina-erremintaren, aeronautikaren, trenaren, automobilgintzaren eta oil & gasaren sektorekoak. Gainerako 5,3 milioi euroak (kopuru osoaren %51) ikerketa propioko jardueretatik eskuratu zituztela azaldu dute.

Ikerketa propioko proiektuei dagokienez, zentroaren diru-sarrera osoen %27 Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programei zor zaie, %19 Europako erakundeek sustatutako ekimenei, %5 Estatuko Administrazio Orokorrak finantzatutako proiektuei eta, azkenik, %1 Gipuzkoako Foru Aldundiari. "Datu horiek erakusten dute Idekoko bezero-zorroaren egonkortasuna eta euskal industria-sarera teknologia transferitzeko konpromisoa".

2023 05 29 ideko elgoibar Batzar Orokorra 2023

2022 ekitaldian lortutako emaitzak maiatzaren 12an onartu zituzten, zentro teknologikoak urtero egiten duen Batzar Orokorrean. Pandemiaren ondorioz, bi urtez modu mistoan antolatu ondoren —aurrez aurrekoa eta online—, berriro aurrez aurre egin zuten Idekoko lehendakari Xabier Alzaga buru izan zen ekitaldia. Lan bazkideak, bazkide erabiltzaile diren enpresen ordezkariak eta zentroko bazkide diren enpresen ordezkariak elkartu ziren batzarrean.

Alzagak Idekok 2022an izandako emaitzak balioetsi zituen; izan ere, baliabideen krisiak eragindako egoera konplexua izan arren, Kudeaketa Planean ezarritako helburuak lortzea eta 2021eko fakturazioa gainditu izana nabarmendu zituen. Bere berbetan, zentro teknologikoko pertsona guztien "ahalegina, konpromisoa, erresilientzia eta entrega" ezinbestekoak izan dira helburuak betetzeko eta fakturazioa handitzeko.

Zentroko lehendakariak, halaber, eskerrak eman zizkien zentroko enpresa laguntzaileei, “berrikuntzaren alde egindako apustuari eta jarritako konfiantzari esker lortu baitira urte honetako emaitza onak”.

Aipaturiko jarduera guztia bikaintasun zientifikoa alde batera utzi gabe egin dutela ere nabarmendu zuen. Hain zuzen, iaz, zentro teknologikoak dibulgazio-jarduerari eutsi zion, guztira 33 argitalpen zientifiko indexatuta; "horietatik 19 Q1 izan ziren, argitalpenen bikaintasuna markatzen duen ziurtagiria". Patente kopuruari dagokionez, 2022an 39 patente aktibo izatera iritsi zen Ideko; horietatik zazpi lortu zituzten 2022an. "Zehazki, horietako bi Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko (ZTBES) beste eragile batzuekin lankidetzan lortu ziren".

 • 2021-2024 plan estrategikoko aurrerapenak
Aurreko ekitaldian zentroaren 2021-2024 ikerketa plana ere jarri zuten martxan. Plan horren definizioaren bidez, zentroak fabrikazio mundura bideratutako adimen artifiziala eta makinen eta prozesuen zehaztasuna ardatz nagusien artean kokatu zituen hurrengo lau urteetarako. Plan horren helburua fabrikazioaren eraldaketei aurrea hartzea eta industriaren beharrei erantzuteko gai izatea dela azaldu dute.

Biki digitalen ikerketa, robotika, osagai aktibo eta adimendunak eta pieza estrategikoen prozesuak eta aplikazioak ere lehenesten dituzte. "Erronka horiek guztiak garapen prozesuan daude dagoeneko, eta zeharka jasotzen dituzte ingurumen- jasangarritasuna eta ekonomia zirkularraren printzipioak".

Horrela, Idekoko zuzendari den Nerea Arangurenek, bere hitzaldian, adierazi zuen moduan, “espezializazioaren alde egiten dugu ikuspegi jasangarritik, ez bakarrik ekonomikoki hazteko, baita gizartean ongizate handiagoa sortzeko eta etorkizuneko belaunaldientzat etorkizun hobea bermatzeko ere”.

 • Pertsonekiko konpromisoa
Idekoren lan-ardatz nagusietako bat pertsonen eta talentuaren aldeko apustua dela adierazi dute. Giza kapitalari dagokionez, zentroak 2022. urtea 131 profesionalekin itxi zuen. Horietatik % 29 doktoreak dira, eta aurki gehiago izango dira, doktore-tesia zentroan egiten ari diren beste zortzi profesional baitaude. Erakundeko langile kopuruak hazkunde txiki bat izan zuen 2021arekiko, lau behargin gehiagorekin itxi baitzuten urtea, iaz.

Gainera, zentroak hainbat ekimen jarri ditu abian talentua erakartzeko eta leialtzeko, hala nola bulego berriak irekitzea Euskal Herriko Unibertsitateko Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroan (CFAA) Zamudion (Bizkaia), eta Zuatzuko industrialdean (Donostia- San Sebastián), telelana ezartzea edota estatuko eta nazioarteko unibertsitate eta entitate akademikoekin lankidetzan aritzea masterreko eta unibertsitateko graduetako ikasleei prestakuntza emateko.

Bestalde, emakumeek industrian egiten dituzten ekarpenak sustatzen jarraitzen dutela adierazi dute zentro teknologikoko arduradunek, dituzten ikertzaileen bidez, eta gazteenen artean teknologia eta zientzia bokazioak sustatuz. Berdintasunari dagokionez, plantillaren barruan aukera-berdintasuna bermatzeko apustuan aurrera egin dutela jakitera eman dute, eta politika "proaktiboa" dutela diote, "berdintasunaren arloan elkarrekiko errespetuan eta bereizkeriarik ezean oinarritutakoa". Ildo horretatik, Idekok berdintasunerako plan propioa du, zentroan lan egiten duten edo lan egin nahi duten pertsona guztiek kontrataziorako, prestakuntzarako eta garapen profesionalerako aukera berdinak izan ditzaten.