Guztira, instalazioak 200 plaka ditu, eta IMHtik jakinarazi dutenez, 100KWp-ko potentzia eta 110 MWh inguruko sorkuntza-ahalmena izango dute urtean. Aurreikuspenen arabera, instalazio horrekin, IMH Campusen kontsumo globalaren % 27 energia fotovoltaikotik ailegatuko da.
Tormesh Solutions enpresak egin dizkie instalazio lanak. Nabarmendu dutenez, enpresa sortu berria izateaz gainera, energia-eredu berriztagarri bakarra eta berezia eskaintzen du merkatu elektrikoan. "Eredu horri esker, bezeroek autokontsumoaren onura guztiak eskura ditzakete, inolako inbertsiorik egin gabe. Tormesh-ek kontsumitutako 150 €/ MWh-ko tarifa laua eskaintzen du, merkatuko tarifen oso azpitik. Tarifa lau eta finko hori hiru urtez luzatzen da, une horretatik aurrera 50 €/ MWh-ra jaisteko. Gaur egun, Tormesh hedatzen ari da, sorkuntza birtual banatuko planta bat eraikiz, eta horrek onura handiagoak ekarriko dizkie bezeroei, energia berdeko prezio oso lehiakorrak ahalbidetuz".
Instalazio honekin, ingurumena zaintzeko hartuta dituzten konpromisoetan mugarriak betetzen jarraitzen dutela azaldu dute hezkuntza-zentroko arduradunek. "Hala, espero den eguzki-energiaren kontsumoak 89.000 kilogramoko murrizketa ekarriko du CO2 isurketetan, hau da, urtean 4.450 zuhaitz landatzea eta urteko 35,6 tona petrolio ateratzeari lotutako ingurumen-kostua".