Eta atzo, langileak plazara irten ziren protestan, herritarrek bizi duten egoeraren berri izan dezaten.
Kalegoen plazan egin zuten elkarretaratzearen ostean, kiroldegiko soroslea eta ELA sindikatuko ordezkaria den Andoni Mendezek udal ordezkariei ere eman zizkien azalpenak Udalbatzararen osoko bilkura amaitu berritan. Aurrez, Kirol Patronatuko langileen egoerari buruzko mozioa aurkeztu zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Ez zuten onartu, eta horren ordez EAJk aurkeztutako beste bat onartu zuten. Elkarretaratzean, BARRENi ere eman zizkion azalpenak Mendezek (ikus bideoan): "Ez digute soldatarik igo azken 11 urteetan. 2012an %10ean jaitsi zizkiguten soldatak, behin behinekoa zen erabakia zela esan zitzaigun arren gaurdaino mantendu zaigun murrizketa izan da. Gerora, ez digute soldatarik igo. Orain enpresak eskaintzen diguna da 2012an galdu genuen soldataren %10 hori berreskuratzea. Guk, baina, IPCa eta soldatak eguneratzea eskatzen dugu, izugarri garestitu baita bizimodua. Negoziatzeko prestutasuna izan arren, ez dugu ezer lortu eta horrek ekarri gaitu gauden egoerara. Espero dugu guztiek ulertzea zerbitzu publiko bat ematen dihardugula. Irtenbide bat bilatzeko eta negoziatzeko prest gaude gu, enpresako eta udaleko ordezkariekin mahai batean esertzeko prest. Gatazka lehenbailehen bukatzea nahi dugu, badakigulako erabiltzaileei kalte egiten diegula. Sentitzen dugu beraiengatik".
•EAJren mozioa onartu zuten
Udal Kirol Patronatuarentzat azpikontratatuta lanean diharduten beharginen inguruko bi mozio aurkeztu zituzten atzo Udalbatzarraren Osoko bilkurara; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztua bata, eta EAJrena bestea. Bigarren hori onartu zuten, aldeko zortzi botorekin eta zazpi abstentziorekin. Andrea Arriolak eman zituen EAJk aurkeztutako kontramozioaren inguruko azalpenak. Lau puntutan oinarritu zutela azaldu zuen. Lehen puntuan herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko
nahia aipatu zuen. "2022ko irailean ekin genion lizitazio berriaren esleipena egiteko lanketari. Zerbitzua hobetzea zen gure helburua, ematen ditugun sorospenak zein monitoreen lana balioan jarriz. Horretarako, diru ekarpena handitu genuen lizitazio berrian, urteko 153.000 euro gehiago". Langileen lan baldintzak eta egonkortasuna hobetzeko beharra xehetu zuen bigaren puntuan. "Azken urtean zazpi pertsonak laga dute lana eta beste zazpi pertsona kontratatu dira. Horrek esan nahi du langileen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa dela, beraien postuetan mantentzeko baldintza baita". Egonkortasun eza, baina ez dela Elgoibarrera mugatzen azaldu zuen. Bere berbetan sektorean orokortuta dagoela adierazten du Euskadiko teknikari, politikari, langile eta sindikatuetako eragileak egiten ari diren bilerak, "sektoreari irtenbide orokor bat eman ahal izateko".
EAJko bozeramaile lanak egin zituen Arriolak negoziazioa izan zuen hizpide mozioan jaso zuten hirugarren puntuan, eta enpresa zein langileei esertzeko eta negoziatzeko eskatu zien. Gaur egun, bi hitzarmen aplikatzen zaizkie kiroldegietako langileei: batzuei ikuskizun eta kirol lokalen hitzarmen kolektiboa, eta beste batzuei Gipuzkoako titulartasun publikoko kirol instalazioen hitzarmen kolektiboa. Horren ondorioz, zenbait kasutan, lan berbera egiten duten langileek baldintza ezberdinak izaten dituzte kiroldegi berean. Elgoibarko Udalak ikuskizun eta kirol lokalen hitzarmen kolektibora egokitzeko adinako diru aportazioa egin zuela azken lizitazioan azaldu zuen Arriolak, "enpresak esaten baitzuen jasotzen zuten aportazioarekin ez zitzaiela ailegatzen lan-hitzarmen hori aplikatzeko. Udalaren diru partida gehituta posible zen hitzarmena martxan jartzea. Ez hori bakarrik, uste dugu, aportazioa handituta, sektore osoarentzat lantzen ari diren hitzarmenera atxitkitzeko aukera izango luketela. Badakigu sektoreko enpresa eta sindikatuak nehoziatzen ari direla", adierazi zuen.
Mozioaren laugarren puntuan atzeman dituzten kontraesanak nabarmendu zituen EAJk. "Kontraesan batzuk ikusten ditugu. Ezin dugu ulertu zergatik Bergaran, Arrasaten edo Eibarren onartu diren baldintzak ez diren onartzen Elgoibarren. Zergatik Bergaran prekarioa ez den lan bat Elgoibarren prekarioa den? bide horretan berriro eskatzen diegu bi aldeei negoziatzera esertzeko, beste herrietan egin duten bezala, eta ez gehiago kaltetzeko herritarrei ematen zaien zerbitzua", esan zuen Andrea Arriolak.
Mozioen gaineko eztabaida eta alderdiek emaniko azalpenak eta iritziak plenoa jasotzen duen bideoan ikus-entzun daitezke (19. minututik aurrera)