Jupiterrera bidea hartuko duen 'Juice' misioan parte hartu du Goimek enpresak

Barren.eus 2023ko api. 14a, 09:16

Atzo zuen abiatzekoa Europako Espazio Agentziak misioa, baina bertan behera laga behar izan zuten, eguraldi kontuengatik, eta gaur, barikua, hilak 14, ahaleginduko dira berriro, Euskal Herrian 14:14ak direnean. ESAk Youtuben duen kanalean zuzenean ikusi ahal izango da abiaratzea. 

Juice edo Jupiter Icy Moons Explorer (Jupiterreko Ilargi Izoztuen Esploratzailea) espazio ontzi bat da, Jupiter eta haren hiru ilargi handi ozeanikoak zehaztasunez behatzeko sortu dutena. Hamar tresna zientifiko, esperimentu bat eta erradiazio monitore bat daramatza barruan eta atzo zuten jaurtitzekoa, baina ezin izan zuten tximista arriskuagatik eta gaur saiatuko dira berriro Europako Espazio Agentziak Guyana Frantsesean duen kosmodromotik. Ariana 5 izeneko suziri batek jaurtiko du Juice espaziontzia, eta zortzi urteko bidaia egin ondoren, hasiko da Saturnoko datuak Lurrera bidaltzen. Saturnoren barnealdea, atmosfera, inguru elektromagnetikoa eta ehun bat ilargi dituen eraztunen sistema aztertuko ditu Juicek. Saturno planeta bera eta haren izoztutako hiru sateliteak aztertuko ditu: Kalisto, Europa eta Ganimedes. Azken batean jakin nahi dute satelite horien azal izoztuaren azpian dauden ozeanoetan bizitza sortzeko baldintzak ematen diren. 

 
Teknologia aurreratua behar da halako misio bat martxan jartzeko, eta Euskal Herriko eragileek ere parte hartu dute misioan. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldea ere jardungo da Juice misioan. Baina gertuagora etorrita, Goimek enpresak ere parte-hartze zuzena izan du, eta mugarri historiko bat ezarri du hala munduko industria aeroespazialaren barruan. Sener Aeroespacialekin lankidetzan jardun dira, Juice espazio ontziak daraman irabazi ertaineko antena fabrikatzeko (MGAMA edo Medium Gain Antenna Main Assembly). Goimekek berak zabaldu duen oharraren arabera, antena hori bi ardatzetan orienta daiteke, X eta Ka bandetan jarduten da, bai ontziaren eta Lurraren arteko norabide biko komunikazioa lortzeko, bai eta zundak irrati maiztasunarekin daraman esperimentuaren funtzionamendua bermatzeko ere. Islatzaile nagusia fabrikatzeaz arduratu da Goimek. Islatzaile horrek O,7 mm-ko lodiera duen titaniozko pieza du, eta 500 mm-ko diametroa eta oso doitasun handiko perdoi geometrikoak ditu. Baina era berean, sistemak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren elementu osagarriak fabrikatzeaz ere arduratu dira Goimeken: strutak eta subflektorea. Goimekeko sektore aeroespazialeko Jon Garcia arduradunaren hitzetan, garapen horrek erronka garrantzitsua suposatu dio bere taldeari eta aukera eman die horrelako piezetan dituzten ezagutzak zabaltzeko, "benetako espezialistak bihurtu arte".
 
Pieza horiek fabrikatzeko orduan, hainbat alderdi hartu dira kontuan. Geometriatik hasita, mekanismoaren funtzionamendu egokia bermatzeko, kostuetan aurrezteko arinak diren materialak erabiltzeraino, baina, aldi berean, zorrotzak eta iraunkorrak direnak, Jupiterren ‘ilargi’ izoztuetako muturreko baldintzak jasateko gai izateko.
 
Danobatgroup enpresa taldeko kide da Goimek, 50 urte baino gehiagoko esperientzia dauka eta pieza mekanizatuen hornidura katearen behar guztiak barne hartzen ditu.
 
Argazkia: Goimek.