Ana Carolina Lodeiro: “Zientzia alorreko ikasgaiekiko dauden estereotipoak apurtu eta ikasleak STEM mundura erakarri behar ditugu”

Barren.eus 2023ko mar. 3a, 15:03

Elgoibarko Udala emakumeak zientzien alorrera erakartzeko ahaleginean ari da azken urteotan, eta aurten ere hainbat ekimen antolatu ditu Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira. Herriko zenbait eragilerekin elkarlanean prestatu dute aurtengo programa, eta besteak beste, zenbait dendetako erakusleihoak emakume zientzialarien irudiekin apaindu dituzte, eta 'Gu, herriko STEM emakumeak' kale-erakusketa ere antolatu dute, herriko emakume zientzialariak ezagutzera emateko. Horietako bat da Ana Carolina Lodeiro Caldeira (Sao Paulo, Brasil, 1979).

Soraluzeko Somabe enpresan dihardu lanean, eta horrez gain, STEM saioak ematen ditu eskoletan, gaztetxoak eta bereziki neskak, sektore honetara erakartzeko.

 • Sao Paulotik Elgoibarrera. Nolakoa izan da bidai hori?
Sao Paulon jaio nintzen, baina aita galiziarra denez, nazionalitate bikoitza eduki dut jaiotzetik. Aitaren aldeko familia guztia Galizian bizi da, eta ume-umetatik bidaiatu izan dut asko Brasildik Galiziara. Esan dezaket ia gehiago naizela galiziarra brasildarra baino. Nik ez dut samba dantzatzen, muñeirak dantzatzen ditut. Sao Pauloko Casa de España elkartean ikasi nuen muñeirak dantzatzen. 2001ean Santiago de Compostelara joan nintzen Galiziako Xuntak zeukan programa baten bidez ikasketa batzuk egitera, eta kasualitatez, gerora nire senarra izango zena ere hara joanda zegoen Elgoibartik, gaita ikastaro bat egitera. Han ezagutu genuen elkar eta 2005ean etorri nintzen Euskal Herrira bizitzera. Lehenagotik bisitan egonda nengoen, baina 2005ean geratu nintzen hemen.

 • STEM munduan diharduzu lanean gaur egun, baina zuk ez zenituen STEM ikasketak egin.
Harreman Publikoak ikasketak egin nituen Sao Paulon, eta gero alor horretako bi master egin nituen. Komunikazio korporatibo alorrean hasi nintzen lanean enpresa amerikar batean. Euskal Herrira etorri nintzenean bizitzera sektore berean lan egin nahi izan nuen, baina komunikazio korporatiboa lantzen duten enpresek euskaraz jakitea eskatzen zuten. Nik ingelesa, frantsesa, gaztelania eta portugesa hitz egiten nituen, baina euskaraz ez nekien. Iritsi berria nintzen eta euskara ikasteko asmoa neukan, baina lanpostu horietan ezinbestekoa zen euskara jakitea hasieratik, beraz ez nuen lanerako aukerarik izan. Orduan Madrilera joan nintzen, eta han aritu nintzen lanean, nire semea jaio zen arte. Semea jaio zenean itzuli nintzen Elgoibarrera, eta kuadro elektrikoak egiten zituen enpresa batean hasi nintzen lanean. Teknologia eta hemengo enpresa mundua ezagutzen hasi nintzen, eta gustuko nuela konturatu nintzen. Sektore horrek ez zeukan nire ikasketekin zerikusirik, baina ondo moldatu nintzen.

 • Soraluzeko Somabe ingeniaritza enpresara iritsi zinen. Zein da zure zeregina bertan?
Elgoibarko enpresa desegin zenean Somaben (Soraluze Makina Bereziak) hasi nintzen lanean 2012an. Kudeaketa arazoak zeuzkatelako deitu zidaten, eta lan zehatz bat egitera joan nintzen hasieran. Orain dela bost urtetik, enpresako bazkide naiz, eta egunerokoan gerentearekin egiten dut lan. Administrazio arduraduna naiz, eta nire esku daude giza baliabideak, lan prebentzioak eta marketina. 18 langile gara enpresan eta apur bat denetik egitea tokatzen zaigu, beraz, bezero batzuen ardura ere badaukat. Langile guztiak ingeniariak dira han, ni izan ezik, baina oso ondo ulertu dut teknologia guztia eta lantaldeko bat gehiago naiz. Matematika asko gustatzen zait, eta baita fi sika eta kimika ere. Unibertsitaterako hautaproba egin nuenean Ontzigintzako Ingeniaritza, Harreman Publikoak eta arkitektura alorrak ere gainditu nituen, baina une hartan Harreman Publikoen alorrean hasi nintzen lanean.

 • Enpresako lanaz gain, eskoletan ere STEM saioak ematen dituzu.
Sinisten dut etorkizuna sektore honetatik etorriko dela, eta ikasleak mundu honetara erakarri nahi ditut. DBHko ikasleei ematen dizkiet saioak, eta saiatzen naiz beraiek ulertzen dituzten kontzeptuak erabiltzen, zientzia esplikatzeko. Adibidez, bizikletaren gurpila zulatu eta kubo bete uretan sartzen dutenean gurpilak haizea nondik galtzen duen ikusteko, estankotasun kontrola egiten dutela azaltzen diet eta guk estankotasun makinak egiten ditugula. Ohartarazi nahi diet zientzia eta teknologiarena ez dela mundu abstraktu bat; egunero izaten ditugun arazoak gainditzen laguntzen duela erakusten saiatzen naiz. Teknologiarekin txundituta nago; izugarri gustatzen zait. Adimen artifizialarekin ere lanean hasita gaude, eta ikaragarria da. Nire bizitzan oso presente dago teknologia. Ikasleei esaten diet ez dela mundu zaila, nik ez ditudala zientzia ikasketak egin, eta hala ere, hemen nabilela lanean. Nire profila ez da zientzia sektorean ohikoena, baina hala ere, lanpostu duin bat lortu dudala azaltzen diet. Hau da etorkizuna; ez daukat dudarik. Elgoibar eta Debabarrena etorkizunean garatuagoak eta hobeak izateko lanean ari gara, gure ondorengoei etorkizun duin bat emateko eta atzerrira joan ez daitezen. Urtebete edo bi joan daitezela kanpora nahi badute formatzera eta bizitza zer den ikastera, baina itzuli daitezela hona, hemen badagoelako lanerako aukera. Enpresa interesgarri pila bat ditugu, etxetik hamar minutura. Nire lanetik gehien gustatzen zaidana gure proiektuak martxan ikustea da.

2023 02 27 ana carolina lodeiro zientzialariak elgoibar b1 BARREN

2023 03 01 steam emakumeak erakusketa panelak 7 elgoibartar lekueder BARREN