Agendak, dantzan

Barren.eus 2023ko ots. 10a, 13:27

Aurrez erreserba egin edo txanda hartu, eta eguna eta ordua iritsitakoan, agertu ez. Beti gertatu izan den zerbait dela aitortu dute zerbitzuetan lan egiten dutenek, baina pandemiaz geroztik nabarmenagoa ei da. Horregatik, zenbait neurri hartzera behartuta sentitu dira jatetxe handietan eta hainbat zentrotan, berdin ile-apaindegietan, estetika zentroetan nahiz osasunari lotuago dauden zerbitzuetan.

Agendetan izaten duten dantzaz hitz egiteko, hiru lagunen esanak bildu ditugu gaur. Beren ahotik ari dira, baina askoren eguneroko arazoaz.

Sagardotegi denboraldia hasteaz batera ohartarazi zuten sagardogileek gero eta praktika ohikoagoa dela bezeroek erreserba egin eta ondoren ez agertzea, eta horregatik, pertsonako bosna euroko fidantza
kobratzea erabaki dute aurten hainbat sagardotegitan. Baina praktika hori ez da sagardotegietara mugatzen, gertatzen baita jendearekin aurrez aurre lan egiten duten gainerako zerbitzuetan ere. "Pandemiaz geroztik, gainera, nabarmenagoa da", adierazi du Lucia Dieguez Mendaroko Lutximak ile-apaindegikoak. Nekatuta daude, eta haserre ere bai hein batean, baina ezinegon hori agertzeko ere lotuta sentitzen dira askotan, bezeroekin ari direlako. "Bezero batzuk ez dira ohartzen egiten diguten kalteaz, eta kargu hartuz gero, haserretu egiten zaizkigu. Benetako arazoa dugu hau, eta kudeatzeko, zaila", gaineratu du Olaia Martinez Olaia estetikakoak. "Iruditzen zait guk haiei zor diegun errespetua geuretzako eskatzea ez dela gauza handia", gehitu du Dieguezek.
Beti gertatu izan den kontu bat dela diote denek, zer esanik ez uda sasoian edo eguraldi oneko egunetan eta jai bezperetan, baina pandemiak hori egiteko bidea erraztu duela uste dute. Pandemiaren gogorrenean, eztarriko lakarra, eztula edota bestelako sintomak izatea nahikoa arrazoi zen erreserbak bertan behera lagatzeko edota kontsulta-ordura agertu ezina justifikatzeko. Baina, komunitatea babesteko justifikazioa zena aitzakia bihurtu dute askok. Gero eta gehiagotan gertatzen da abisatu gabe bezeroa jarritako ordura ez agertzea, edota bezeroak azken unean jakinaraztea ez dela joango, eta horrek neurriak hartzera behartu ditu zerbitzuetakoak, erraza ez zaiela aitortu arren. "Lagunei ere abisatu egiten diegu elkarrekin dugun planera agertu ezin bagara. Eta bezeroei horixe eskatzen diegu: etorri ezin badira, denboraz abisatzeko, gutxienez 24 orduko tarteaz. Gu ez gaude hemen gora begira eta gure orduak ez du haienak baino gutxiago balio. Errespetuz jokatzea eskatzen diegu, bai gurekiko eta bai minez egon daitezkeen beste bezeroekiko ere", adierazi du Javi Muñoz Fisio&Mas-ekoak.
Elgoibarko zentroa zabaldu aurretik Madrilen lan egin zuen Muñozek, zazpi fisioterapeutako zentro bat koordinatzen eta han ezinbestean martxan jarri zuten sistema berbera aplikatzen du egun Elgoibarko bere zentroan, duela hamar bat urtetik. "Ordu eske deitzen duten guztiei azaltzen diet etorri ezin badira 24 orduko tartearekin abisatu behar dutela, bestela kobratu egingo diegula txanda, eta era berean, azaltzen diet bezperan gogorarazpen mezu bat jasoko dutela. Beraz, zerbitzua hartzera datorrenak ezagutzen ditu hemengo baldintzak. Jakina, badaude salbuespenak ere, azken orduko larrialdiak denoi gerta dakizkigulako, baina aitzaki merkeak eta gezur txikiak gehiago izaten dira eta horien kontra egiteko neurriak dira hauek". Aitortu du "beldur puntu batekin" hartu zituela neurriok bere garaian, eta gaur oraindik, hasierako kezka bera izaten duela batzuetan, baina garbi du galtzeko ere ez dagoela eta bezeroari ulertuarazi behar zaiola betebeharrak ere badituela. Gero eta gauza gehiago aurrez ordaintzera behartzen gaituzten garaiotan, elkarrizketatuei zaila egiten zaie ulertzea bezero batzuek zergatik okertzen dieten muturra, baldintzak bete ez dituztelako kontsulta-ordua kobratu behar dietela esaten dietenean. "Internetez egiten diren erosketak, hoteletako egonaldiak, hegaldiak... aurrez ordaintzen ditugu eta eragozpen handirik gabe onartzen ditugu jartzen dizkiguten baldintzak. Guk kontu hartzea, baina, ez dute begi onez ikusten. Ez dakit konfiantzagatik den edo zer", azaldu du Muñozek.

 

2023 02 10 olaia martinez mendaro errep barren agendak dantzan

2023 02 10 javi munoz fisiomas mendaro errep barren agendak dantzan