Ekonomia

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2023 01 26 mikel rumayor silicon valey san frantzisko elgoibar BARREN elkMikel Rumayor (Elgoibar, 1991) arrebaren bideari segika hasi zen Ingeniaritza Informatikoa ikasten Mondragon Unibertsitatean. "Dudati" hasi zituen ikasketak, baina hartu duen erabaki onena izan zela dio. Gustuko ikasketak topatu zituen, eta ikasten ikasi zuela dio. Tecnalia, Ikerlan eta Ideko zentro teknologikoak ezagutu zituen, Cadiz-eko (Andaluzia, Espainia) Airbus fabrikan ere jardun zen adimen artifi zialeko alorrean lanean, eta gaur egun Kalifornian (AEB) bizi da, Silicon Valleyn, informatikarien paradisuan.

 

 • Kontaguzu, zer nolako bidea da Silicon Valleyra artekoa?
Mondragon Unibertsitatean egin nituen lau urteko ikasketak, eta lan praktikak Elgoibarko Ideko enpresan egin nituen. Sei bat hilabetez egon nintzen enpresan, eta beste zerbait ikasi behar nuela erabaki nuen. Iruditzen zitzaidan lau urteko ikasketak egin arren, unibertsitatean gauza gutxi ikasi genituela, eta Konputazio Ingeniaritza eta Adimen Artifizialari buruzko masterra egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Urtebeteko masterraren ostean, Donostiako Tecnalia enpresan egon nintzen praktikak egiten, eta han landu nuen proiektu baten bitartez, Cadizera iritsi nintzen, Airbusen fabrikara. Pila bat ikasi nuen han, baina lan gogorra izan zen. Aditu moduan eraman ninduten, baina ni oraindik hasiberria nintzen. 21 urte nituen, eta ardura handiko postua neukan. Arrasateko Ikerlan enpresara etortzeko aukera izan nuen, eta Airbuseko lana lagatzea erabaki nuen. Web teknologietan lanean aritu nintzen han. Idekoko praktikak ere alor horretan egin nituen, eta asko gustatu zitzaidan lan hura. Doktoretza egiteko proposamena egin zidaten Ikerlanen, zentro teknologikoetan ohikoa izaten da hori, eta hasieran interesgarria iruditu zitzaidan proposamena, baina azkenean ez egitea erabaki nuen.

 • Euskal Herritik Madrilerako bidea hartu zenuen.
Ikerlanekin lan egiten zuten beste enpresa batzuetara joateko eskaintza neukan, baina Ikerlanen bertan Oñatiko mutil bat ezagutu nuen, gerora Microsoft-en lanean hasi zena, eta hari eskatu nion aholkua; nire lekuan egonda, zer egingo zuen galdetu nion. Gaztea nintzen oraindik, eta esperimentatzeko eta mundua ezagutzeko gogoa neukan. Madrilera joatea gomendatu zidan, web teknologiei buruzko ikastaro bat egitera. Bootcamp ikastaroa egin nuen, materia aldetik ez zidaten gauza berri askorik irakatsi, baina nire esperientzia praktikan jartzeko eta nire sarea zabaltzeko aprobetxatu nuen. Proiektuen lehiaketa bat egin genuen, eta neuk irabazi nuen. Oso ondo etorri zitzaidan ate berriak zabaltzeko. Nire proiektuaren berri zeukan neska batekin topo egin nuen Madrilgo informatika feria batean, eta esan zidan Estatu Batuetara joatekoa zela. Lantalde bat prestatzen ari zela eta nire profileko norbaiten bila zebilela. Ez zekien lana Madrilen bertan izango zen edo Estatu Batuetan, baina interesgarria iruditu zitzaidan.

 • Eta, zer erantzun zenion?
Baietz, jakina. Esperimentatzeko gogoz nengoen. Enpresa Estatu Batuetakoa zen, baina guk Madrilen geneukan lantokia. Ez genekien zenbat denborarako lana izango zen ere, eta bulegorik ere ez geneukan. Neska hura Estatu Batuetara joatekoa zen, baina ez zekien noiz joan beharko zuen ere, eta hasierako hilabeteak zalantzaz beterikoak izan ziren. Lagun baten etxean egon nintzen bizitzen Alcala de Henaresen, eta trenez joaten nintzen Madrilera, han utzi ziguten lokal batean lan egitera. Hilabete batzuek igaro ostean Estatu Batuetako nire nagusiak esan zidan ea hara joango nintzatekeen lanera.

2023 01 26 mikel rumayor silicon valey facebook elgoibar BARREN elk

 • Madrildik Silicon Valleyra. Informatikarien ametsa al da hara iristea?
Konparazio analogo samarra egingo dut, baina aktore batentzat Hollywood dena edo saskibaloi jokalari batentzat NBA dena da informatikarientzat Silicon Valley. Beraz, probatzera joatea erabaki nuen. Bisatua lortzea kostatu zitzaidan. Erabakia hartu nuenetik, urtebete ingurura joan ahal izan nintzen Estatu Batuetara. 2019ko ekainean joan nintzen, pandemia hasi baino zortzi hilabete lehenago.

 • Nolakoa da Silicon Valley?
Bailara luze bat da, dena enpresaz betea.Ni Palo Alton bizi naiz, Standford unibertsitatea dagoen inguruan. Ingeniaritza eta ekintzailetzari dagokionean unibertsitaterik prestigiotsuena da. Facebook ere han gertu dago, eta Google eta HP enpresak ere han sortu ziren. Informatika munduko enpresa garrantzitsuenak han daude, baina denetik dago. Jende oso ona, erdipurdikoa eta mediokreak ere badaude. Denbora batean etxea konpartitu nuen hiru lagunekin, eta bata Google-eko ingeniaria zen, bestea Amazonekoa eta hirugarrena Facebookekoa. Eta horiekin nengoen ni, sinestezina. Konpententzia handia dago hemen, jendea lanera joaten da hara, lan munduko kontaktu berriak egitera. Han bizitzeko diru asko behar da, aberatsak bakarrik geratzen dira. Gehienak ni bezalakoak dira han, lanera joandakoak, denbora jakin baterako, eta denbora tarte horri ahalik eta etekin handiena ateratzen ahalegintzen gara. Soldatak hemengoak baino hobeak dira, baina bizimodua ere garestiagoa da. Gauza onak daude, baina txar asko ere bai. Ikasleek, esaterako, maileguak eskatu behar izaten dituzte askotan ikasketak egin ahal izateko. Oso garestiak dira unibertsitate ikasketak. Ikasketak amaitu eta lana aurkitzea ezinbestekoa da horientzat, mailegua ordaindu ahal izateko. Jende hori enpresa handietan sartzen saiatzen da, ahalik eta soldata hoberena eskuratu eta mailegua lehenbailehen kendu ahal izateko. Horregatik jendea oso lehiakorra da, posturik onenak lortu nahi dituztelako. Nik une honetan posible izango nuke apartamentu txikiren batean sartzea, baina nahiago dut etxea partekatu, ez dakidalako zenbat denbora egingo dudan hemen. Gutxieneko egonkortasun bat eduki arte, ez naiz horretan sartuko. Lagun batzuei lagundu diet etxez aldatzen, eta sekulako lana da. Estatu Batuetan oso ohikoa da etxez aldatzea; Euskal Herrian ez da horrelakorik ikusten.

ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1272. zenbakian -PDF-

2023 01 26 mikel rumayor silicon valey elgoibar BARREN elk

 

 

2023 01 26 mikel rumayor elgoibar BARREN elk

DKT

DKT

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza