Ekonomia

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2022 12 23 hidraulic enpresa elgoibar HRE1982an sortu zuten gaur egun HRE Hidraulic izenez ezagutzen dugun enpresa. Hidraulic Ring izena ipini zioten orduan, eta Alemaniako enpresa baten babesean ekin zuen ibilbidea. Lau langilerekin zabaldu zuten Elgoibarko delegazio hura, Pedro Mugurutza etorbideko lokal batean. Gaur egun 25 bat langile dira, eta Ibaitarte industrialdean daude. 40 urte bete dituzte hidraulika alorrean lanean, eta aurrera begirako berrikuntzak lantzen dihardute, etengabe.

1982. urtea zen. Alemaniako enpresa batek Katalunian zeukan langile bat, Joaquin Solano, lan komertziala egiteko eta euren produktua Espainian saltzeko. Produktu hura makina-erremintari lotuta zegoen erabat, eta pentsatu zuten Euskal Herrian zabaldu behar zutela delegazio bat, Espainiako makina-erremintako enpresen %70-80 inguru Euskal Herrian zeudelako. Elgoibar aukeratu zuten kokalekutzat, garai hartan ere, makina-erremintaren hiriburua zelako. Joaquin Solano bera izan zen lehenengo gerentea, eta harekin batera jardun zuen enpresaren sorreran Jose Angel Alberdik (Eibar, 1960), gaur egun HRE Hidraulic enpresako industri-aditua denak. Bera da sorrera hartatik geratzen den langile bakarra, eta berak azaldu dizkigu enpresaren nondik norakoak. Pedro Mugurutza kaleko 21. zenbakian hasi zuten bidea, Alemaniako Hidraulik Ring enpresaren babesean. Garai hartan ez zegoen horrenbeste industrialde Elgoibarren eta enpresa asko zeuden herri barruan, etxebizitzen azpikaldeetako lokaletan. Ekintzaileak izan ziren, eta ausartak. 22 urte zituen Alberdik, eta gogoan dauka garai hartan enpresak sortzea ez zela erraza. "Gaur egun laguntza gehiago daude enpresak sortzeko, eta erraz sortzen dira enpresak. Zailena enpresa horiek mantentzea da. Enpresa asko zabaldu eta ixten dira. Guk lortu dugu 40 urte egitea, eta oso pozik gaude".

1988. urtean Ibaitarte industrialdera lekualdatu ziren, eta 1997an Alemaniako enpresa hartatik bereiztu ziren, HRE Hidraulic enpresa berria sortzeko. Solanok berak zeukan
enpresa berri honen zatirik handiena, Jose Angel Alberdik enpresaren %10 erosi zuen eta Iñaki Gutierrezek beste %10. Zati txiki bat komertzial bati utzi zioten. Hiru urtera beste %5
gehiago eskuratu zuten Alberdik eta Gutierrezek, eta holaxe jarraitu zuten Solano jubilatu zen arte. 2007an hartu zuen erretiroa Solanok 73 urterekin, eta ordutik Gutierrezek eta Alberdik daukate enpresaren zatirik handiena. 25 langile dira gaur egun, gehiengoa gizonezkoak, baina gerentea emakumezkoa da, Esther Velasco: "Ez da ohikoena sektore honetan, baina gu oso pozik gaude berarekin". Enpresaren egitekoa ere definituta dute, eta hori lortzeko dihardute lanean: aberastasuna eta ongizatea sortu nahi dituzte eskualdean, horrekin batera bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko. Bezero asko eta desberdinak dituzte, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere. Euskal Herrian, Errioxan, Kantabrian edota Burgosen saltzen dute gehien, baina baita Madril, Valentzia edo Bartzelonan ere.

2022 12 23 hidraulic enpresak 40 urte elgoibar BARREN

Hasieratik hidraulika lantzen hasi ziren; makina erremintarako sistema hidraulikoa sortzen zuten, baina beti bezeroen behar zehatzetara moldatuta. "Enpresa txikia da gurea, gure lehiakideak gu baino handiagoak dira, eta enpresa handiekin lehiatzeko daukagun modu bakarra bezeroaren beharretara egokitzea da. Guk ezin dugu serie handiko produkzioa egin, eta prezioarekin ere askotan ezin izaten dugu lehiatu, beraz, gure balio erantsia pertsonalizazioa da", azaldu du Alberdik. Produktu berarekin segitzen dute 40 urte geroago ere, baina bide horretan "garapena" egon da. Manufakturatik mentefakturara pasatu behar zutela esan zien orain urte batzuk eduki zuten gerente batek, eta hortan saiatu dira. Egin bai, baina pentsatu ere bai, eta pentsatze horretatik lortu dute garatzea. Gaur egun, hidraulikaren barruan ur hidraulika, engrasatzeko hidraulika, energia aurrezteko hidraulika berdea deritzona edota fijazio hidraulika ere lantzen dituzte, baina garapenik garrantzitsuena hidraulikarako sistema didaktikoen alorrean eta digitalizazioan eman dute. Konturatu ziren sektore honetan lan egiteko jendea formatu behar zela, eta Lanbide Heziketarako edota unibertsitaterako materiala sortzen hasi ziren. "Etorkizunerako langileak prestatzeko ezinbestekoa da eskoletan gure teknologia lantzea". Didaktika alorrean asko saltzen dute atzerrira ere, Hegoameriketara bereziki. 90eko hamarkadan hemen saldu zuten didaktikarako material gehiena, baina gaur egun 25 herrialdetara iristen dira Elgoibarren sortutako materialak, besteak beste, Hegoafrikara, Txinara, Hegoameriketako herrialde gehienetara...
Gaur egun hiru alor lantzen ditu HRE Hidraulic enpresak: industria, didaktika eta digitalizazioa. Produkzio osoa digitalizatu eta euren produktu propioak erakustea dute helburu, bezeroek jakin dezaten makina noiz geratuko zaien. Mantentze prebentiboa landu nahi dute, nolabait esateko. Ikerketa, berrikuntza eta garapen alorrean lan egiten dute unibertsitateekin eta teknologia zentroekin, eta horren barruan Be cold patentea sortu dute. "Hotzaren bidez lantzen da mekanizazioa, askoz ere ekologikoagoa da eta ekonomia zirkularra ahalbidetzen du. Pare bat sari jaso ditugu honi esker".

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza