Alcortak jaso du 'Enpresa Berrikuntzaren' saria Euskal Enpresaren Gaua galan

Barren.eus 2022ko abe. 1a, 16:33

Gizarte eta Euskal Enpresa fundazioak antolatuta, Euskal Enpresaren Gaua gala egin zuten astelehenean Bilbon, Guggenheim museoan. Hainbat enpresari eta enpresa saritu zituzten, tartean Elgoibarko Alcorta Forging Group.

Sarien epaimahaiak 'Enpresa Berrikuntzaren' sariarekin aitortu du Alcorta Forging Groupek alor horretan egindako lana. Tradizionala den industria bat sustatzeko darabilten kudeaketa eredua goraipatu dute sari emaileek. Alcortako arduradunek adierazi dute 100 urte baino gehiago daramatzatela "lanean, borrokan, eta uneoro berritzen", eta era honetako aitortzek beste 100 urtean jarraitzeko indarra ematen dietela azaldu dute.

Galaren helburua da enpresaburuen lana aitortzea da eta, ekonomiak eta gizarteak bizi duten une berezi honetan, enpresa-ekimenaren balioak berrestea.

Aurtengo edizioan, 31.ena, 2021eko Euskal Enpresari Onenaren saria Mariano Ucar Angulori eman zioten, Faes Farma enpresako zuzendariari; 'Enpresa Berrikuntzaren' saria Alcorta Forging Groupek jaso zuen; Basque Culinary Center-entzako izan zen 'Made in Euskadi' saria, nazioartean izan duen eraginagatik; eta, azkenik, 'Euskal Makila' saria jaso zuen Winoa Iberica enpresak.
Sarituek aurreko urtean sarituak izan zirenen eskutik jaso zituzten garaikurrak. Alcortako zuzendari nagusi Lorenzo Mendietak BTI Biotechnology Institute-eko industria zuzendaria den Jose Ramon Riveroren eskutik jaso zuen Alcortarentzako saria.
Sarituez gainera, Eibarko Armeria Eskolari ere aitortza egin zioten galan, lanbide heziketan eginiko 110 urteko ibilbideagatik, eta mekanika sektoreari eman dion babesagatik. Eibarko alkateak, Jon Iraolak, eman zion oroigarri plaka Armeriako zuzendari Imanol Urreistiri.

2022 11 28 alcorta FG saritua enpresen gaua

2022 11 28 alcorta FG saritua enpresen gauan guggenheim bilbao