Argiak 18:00etatik 22:00etara piztuko dituzte, ohikoa baino ordubete gutxiago, iaz arte 23:00ak arte egoten baitziren piztuta. Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, neurri honekin energia aurreztea lortuko dute, "%20 inguru energia aurreztuko dugu aurreko urtearekin alderatuta".
Dagoeneko egin dituzte Eguberri argiak ipintzeko aurre-instalazio lanak; ipini dituzte argiak txintxilikatuko dituzte alanbreak zein elikadura koadroak. Hala, dena prest dute argiak abenduaren 8an pizteko. Urtarrilaren 6ra bitartean piztuko dituzte gero, egunero, 18:00etatik 22:00etara bitartean. Hortaz, piztuko dituzten 30 egunetan 120 orduz egongo dira piztuta argiak. Iaz 36 egunetan piztu zituzten.
Elgoibarko alkate Ane Beitia adierazi du energiaren prezioak gora egin duela azken urte honetan, eta herritarrengan eragin duen moduan, Udalean ere eragina izan duela. "Beharrezkoa da energia aurrezteko neurriak hartzea: Gabon argien pizte-ordutegia mugatuko dugu. Argiak eta Gabonetako giroa mantentzen ditugu gure kaleetan, etxeko txikienen ilusioa sustatuz eta kaleak eta tokiko merkataritza biziberritzen saiatuz, are gehiago prezioen igoera handiak eragindako une zail honetan, baina modu jasangarri eta arduratsuan”.
• 154 argi egitura, hogei gunetan
Zenbait berrikuntzaren berri ere eman dute Udaletik. Guztira 154 argi egitura inguru jarriko dituzte hogei gunetan. Gainera, argiteria "indartuko" dute Altzolan, Sigman, San Pedron, Toletxen, San Roken, Urazandin, Trenbide kalean, Basarten, Kurutzealegin edota Erretxindin. Kale horietan argi-bolak, zuhaitzak edota 'ZORIONAK' hitza irudikatuko dituzte gabon argiek. Era berean, argi motak ere hobetuko dituzte mugimendua sartuz argiterian flasha, elur-erorketaren efektuak, ur-efektuaren mugimenduak eta distiren mugimendu leunak irudikatuz.
Argiteria guztia jasangarria eta kontsumo baxukoa dela azpimarratu dute Udaletik, eta luminaria guztien indarra batuta, 10.886 voltioko indar-elektrikoa dute.