Elgoibarko Udalak, Elgoibarklik plataformaren bidez, eta Dendartean elkartearekin lankidetzan, bultzada berri bat eman nahi dio tokiko saltokiaren salmenta digitalari, eta Whatsapp kanala sortu dute asmo horretan, elikagaiak online saltzeko. Era berean, elikagaien xahuketa murrizteko neurriak hartu dituzte, Too Good To Go mugimendura atxikiz, munduan elikagaiak alferrik galtzearen aurka borrokatzen duen app handiena.
Ane Beitia Elgoibarko alkateak zehaztu duenez, helburua elikagaiak alferrik galtzea saihestea eta merkataritza iraunkorragoa bultzatzea da, eta horrekin batera saltokiei zein bezeroei "komunikazio- eta negozio-bide berriak ematea".
Hil honetan jarri dute abian egitasmoa, probaldia egiteko. Tokiko hamar enpresak bat egin dute (zortzi elikadura-establezimendu eta tokiko bi ekoizle): Armueta, Basueta Baserria, Doña Mercedes, Eizagirre, Ibarrenea, La Bermeana arrandegia, Patxi Harategia, Surya belardenda, Txilarre ekodenda eta Zeleta Baserria.
Proiektuak bi fase ditu. Lehenengo fasean, enpresa horiek laguntza pertsonalizatua jasoko dute, WhatsApp bidez salmentak egin ahal izateko, bezeroen erosketa-esperientzia hobetzeko eta negozioa merkatuaren eskaera berrietara egokitzeko.
Baina, horrez gain, sortutako hondakinak eta horiek gutxitu eta aprobetxatzeko aukerak aztertuko dituzte, elikagaien xahutzea murrizteko.
• ElikaKLIK sustatzeko, 100 euroko bonuaren zozketa
Proiektua indartzeko eta parte hartzen duten saltokietan erosketak sustatzeko, 100 euroko erosketa-bonu bat zozketatuko dute, establezimendu horietan trukatu ahal izango dena. Azaroaren 10a bitartean parte hartu ahal izango da zozketan eta horretarako nahikoa da www.elgoibarklik.eus plataforman, bere sare sozialetan edo proiektura atxikitako saltokietan aurkitu ahal izango den inprimakia betetzea.
Azaroaren 11n zozketa egingo dute izena eman duten guztien artean, eta irabazlearen izena Elgoibarkliken eta bere sare sozialetan argitaratuko dute. (ikus zozketaren oinarriak)
Informazio guztia www.elgoibarklik.eus webgunean dago jasota.