Langabeziak gora egin du udan Elgoibarren zein Mendaron

Barren.eus 2022ko urr. 11a, 12:57

Udako lau hilabeteetan gora egin du Elgoibarko eta Mendaroko langabezia tasak, baina Elgoibarkoak 0,5 puntu egin du behera duela urtebeteko tasarekin alderatuta eta bere horretan mantendu da Mendarokoa.

Uda hasieran, ekainean, Elgoibarko 441 langabe (%8,13an) zeuden erregistratuta enplegu bulegoetan eta Mendaroko 68 langabe (%6,69). Uda ostean, lau hilabetera, 472 langabe (%8,71) zenbatu dituzte Elgoibarren eta 85 (%8,37) Mendaron. Hau da, 31 langabe gehiago Elgoibarren eta 17 gehiago Mendaron. Mendarokoa da deigarriena, uda hasieratik bukaerara bi puntu egin baititu gora langabezia-tasak. Aldiz, duela urtebeteko datuei erreparatuz gero, hobera egin dute datuek. 2021eko irailean 501 langabe (%9,24) baitzeuden Elgoibarren eta 472 langabe (%8,71) zenbatu dituzte joan den irailean. Hau da, 0,5 puntu egin du behera duela urtebeteko tasarekin alderatuta. Mendaron ez da apenas aldaketarik izan duela urtebeteko datuekin alderatuta: 86 langabe zeuden 2021eko irailean eta 85 orain.

Debabarrena eskualdeari erreparatuta, duela urtebete baino 151 langabe gutxiago daude eskualdean: 2021eko irailean 2.792 langabe (%10,65) zeuden eta 2.641 lanbabe (%10,08) azken datuen arabera. Soraluzen dute langabezia-maila handiena: 12,56, eta azken hilabetean gora egin du kopuruak, gainera. 1.866 herritar daude Soraluzen lan egiteko sasoian, eta horietatik 235ek ez dute lanik. Langabezi-tasa baxuena, berriz, eskualdeko kostaldeko bi herriek dute, Debak eta Mutrikuk.

Hona hemen Debabarreneko 2022eko IRAILEKO datuak, herriz herri:

  • Deba 164 %6,29
  • Eibar 1.487 %11,71
  • Elgoibar 472 %8,71
  • Mendaro 85 %8,37
  • Mutriku 198 %7,62
  • Soraluze 235 %12,59
  • Debabarrena 2.641 %10,08

Hona hemen Debabarreneko 2022eko EKAINEKO datuak, herriz herri:

  • Deba 153 %5,86
  • Eibar 1.503 %11,84
  • Elgoibar 441 %8,13
  • Mendaro 68 %6,69
  • Mutriku 189 %7,28
  • Soraluze 227 %12,17
  • Debabarrena 2.581 %9,85

Hona hemen Debabarreneko 2021eko IRAILEKO datuak, herriz herri:

  • Eibar 1.565  (%12,32)
  • Elgoibar 501  (%9,24)
  • Mendaro 86  (%8,46)
  • Deba 174   (%6,67)
  • Mutriku 214   (%8,24)
  • Soraluze 252   (%13,50)
  • Debabarrena 2.792   (%10,65)