Zergak bere horretan lagatzeko proposamenari baiezkoa eman zioten plenoan EAJk osatutako Udal Gobernuak eta udalbatzarrean parte hartu zuen EH Bilduk. PSE-EEko zinegotziak ez zuen Udalbatzan parte hartu.
Iñaki Arregi alkateak nabarmendu du tasa guztiak bere horretan lagatzearen helburu nagusia herritarrei laguntzea dela, "arnas pixkat emanaz alor ekonomikoan".
"Dena gorantza doan unean, Udaletik tasa eta zerga guztiak izoztuko ditugu, zerbitzu oro mantenduz. Udalaren finantza egoera ona da eta horrek ematen digu neurriok hartzeko aukera. Zergak eta tasak izozteak prezioen igoerari eta krisi energetikoari aurre egiten lagunduko du, familien gaineko eragin ekonomikoa murriztuz”, adierazi du Arregik.
Tasak eta zergak bere horretan lagatzeaz gain, hobariak indartuko ditu Mendaroko Udalak, bereziki energia eraginkortasuna, jasangarritasuna eta familiei laguntzera bideratutakoak.
Orain, 30 egunez, jendaurrean egongo da Udalbatzak onartutako 2023ko Ordenantza Fiskalen proposamena, eta epe horretan iradokizunak egiteko aukera izango dute herritarrek. (ikus Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean)