Negozioa lekualdatu, handitu edo eguneratzeko diru-laguntzak emango ditu Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2022ko ira. 26a, 11:23

Elgoibarko Udalak diruz lagunduko ditu herriko negozioen errentamendu-gastuak, jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioak, altzariak, obra-lizentziaren kostuak, jarduera-lizentziak edo proiektuari lotutako komunikazio-gastuak.

Udaletik gogora ekarri dute aurten hainbat laguntza-ildo berri bultzatu dituztela tokiko sare ekonomikoari laguntzeko. Helburua da enpresa-jarduera berrien ekimena bultzatzea, horiek sendotzea eta negozio bideragarria dutenak mantentzea. Laguntza lerro horietako bat da Elgoibar barruko enpresak zabaltzera, lekuz aldatzera edo eguneratzera bideratutakoa. Edozein jarduera ekonomikotan enpresa gisa eratzen diren pertsona fisiko edo juridikoak izango dira laguntzen onuradunak.

Lekualdaketa egin ondoren, lantokia Elgoibarren kokatu behar da, baita enpresaren helbide soziala eta fiskala ere, eta enpresaren instalazioak Elgoibarko Gune Historikora lekualdatzea edo instalazioak gune horretan handitzea izango dira onuradun izateko baldintzak. Dirulaguntza jaso ahal izateko, 2022. urtean, Gune Historikotzat hartuko dira San Frantzisko, Errosario eta Santa Ana kaleak.
Diruz lagunduko dituzte errentamendu-gastuak, jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioak, altzariak, obra-lizentziaren kostuak, jarduera-lizentzia edo proiektuari lotutako komunikazio-gastuak.
Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90 izango da, eta gehienez 3.000 euro, enpresa industriala ez den beste sektore batekoa bada. Enpresa gutxienez hamabi hilabetez altan eduki beharko da, salbu eta arrazoi objektibo eta justifikatuengatik aldez aurretik ixtea justifikatzen badute. Diru-laguntzak lortzeko eskabideak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 30ean amaituko da (30a barne). Diru-laguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki egin beharko dira udalaren web orriaren bidez (www.elgoibar.eus).
Zuzeneko emakida bidez emango da, norgehiagokarik gabeko sistemaren bidez.