Mauxitxak hirugarren postua lortu du Bergarako San Martin feriako gazta lehiaketan

Barren.eus 2022ko ira. 13a, 10:55

San Martin jaietako azokaren barruan, gazta lehiaketa egin zuten joan den irailaren 10ean, Bergaran. Hogei gazta inguru lehiatu ziren eta hirugarren gaztarik onenaren saria jaso zuen Mauxitxakoak.

Elgoibarko jaietan, Baserritarren Egunean, egin zuten gazta lehiaketako irabazle bera izan zuen San Martin feriako gazta lehiaketak ere: SC Kortaria. Infernuko Gasna izeneko gazta egiten du Irati Usandizaga gaztagile oñatiarrak, Lekarozen (Nafarroa), eta berak eskuratu ditu lehen postuak Elgoibarren zein Bergaran. Idiazabal elkarteko kidez osatutako epaimahaiak Gaztañaditxulo gaztandegiko Ander Barandiaran gaztagileak lehiaketara aurkeztutako gaztari eman zion bigarren saria eta Mausitxako gaztak jaso zuen hirugarren saria. Iaz, 2021ean, Mausitxak irabazi zuen San Martin Azokako gazta txapelketa.

  • Irabazle, Azpeitian
Uda honetan txapelketa gehiagotan ere lehiatu da Mausitxako gazta. Etxekoan, Elgoibarren, ez zuen saririk eskuratu, baina bai Santio Egunean, uztailaren 25ean, Azpeitian egin zuten XXII. Gazta Lehiaketan. Idiazabal jatorri izeneko gaztak egiten dituzten 28 ekoizlek parte hartu zuten han, eta epaimahaiaren arabera, Elgoibarko Mausitxa gazta izan zen onena. Honenbestez, Mauxitxak ziurtatuta dauka Gabon Zaharretako Ferian Elgoibarren egiten duten urteko gaztarik onena aukeratzeko lehiaketan parte hartzea, urtean zehar egiten diren txapelketetako bat irabaztea baita urteko azken zapatuan egiten den gazta lehiaketan parte hartzeko baldintza. Azpeitiara itzuliz, Ilarduiako (Araba) La Lezek lortu zuen bigarren postua eta eta Araiako (Araba) Lekuona izan zen hirugarren sailkatua.

2022 09 12 gazta lehiaketa azpeitia santio eguna iuzt 25 mausitxa txap