58 urteko behargin bat hil da Elgoibarren, lan-istripu ez-traumatiko batean

Barren.eus 2022ko ira. 8a, 11:49

Elgoibarko Schaeffler Iberia enpresan behargin bat hil dela jakinarazi dute LAB eta ELA sindikatuek, eta heriotza lan munduaren prekarietatearekin eta langileek jasan behar dituzten estres egoerekin lotu dute.

LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, Shaffler Iberia enpresako A.M.S., 58 urteko langilea, ondoezik sentitu zen lanean ari zela, irailaren 2an, eta erietxera eraman ostean hil egin zen asteburuan. Hildakoaren senide lagun eta lankideei elkartasuna eta samina adierazi diete sindikatutik.

Euskal Herrian 2022an dagoeneko 54 behargin hil direla beraien lanpostuetan salatu dute LAB zein ELA sindikatuek, eta zehaztu dute horietako hamazazpi izan direla lan-istripu ez-traumatikoak. "Nabarmena da, eta denbora daramagu salatzen egungo sistema neoliberala, lan karga eta presio gero eta altuagoak laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu dituelako. Gainera, azken urteotako enplegu suntsiketak eta datozen kaleratzeen inguruko berriek egoera larriagotu eta langileen ezinegona areagotu dituzte. 2022an hamazazpi heriotza ez traumatiko eman dira lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko. Lan osasunerako araudiak mende laurden baino gehiago indarrean daraman arren, gehien ugaritzen ari den arrisku faktorea psikosoziala da. Bere indizeek gora egiten dute irakurketa guztietan, eta horiek arazo kardiobaskularretan eragin zuzena dute", azaldu dute LABetik. Eta hainbat galdera luzatu dizkiote patronalari: "Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Egiten al dira ebaluaketa psikosozialak? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak?". Egoera honen inguruan Eusko Jaurlaritza jokatzen ari den paperaz ere kritika egin dute, lan osasun materian ia eskumen guztiak dituen arren, Osalan eta Inspekzioaren lana gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara egokitu duen galdera zuzena egiten baitiote erakunde honi. "Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu", adierazi dute.

Ildo beretik, ELAko arduradunek nabarmendu dute enpresek produktibitatea eta irabazi ekonomikoak hobesten dituztela beharginen lan osasun eta segurtasunaren aurretik. "Lan osasun eta segurtasuna ez dira lehentasuna. Patronalak inmunitate osoz jokatzen du. Administrazioak pasibotasun osoz hori ahalbideratzen du, mota guztietako irregulartasunak onartuz, eta ez du alderatu behar duenarekin alderatu nahi", diote. Egoera aldatu ezean langilea izango dela beti ondoriorik latzenak sufrituko dituena gogora ekarri dute.