Urriaren 19tik 21era egingo dute Elgoibarko 12. Pintxo Lehiaketa

Barren.eus 2022ko ira. 5a, 15:39

Azken bi urteetan egin gabe egon eta gero, berriro antolatuko dute Elgoibarko pintxo lehiaketa. Herriko ospatariek gaurtik irailaren 12ra bitartean eman dezakete izena.

Urriaren 19tik 21era bitartean izango da aurtengo pintxo lehiaketa, eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago. Elgoibarko Udalak lehiaketan parte hartzeko gonbitea luzatu die ostalariei, eta lehiaketaren oinarriak ere argitaratu dituzte. Elgoibarko ostalaritzak parte hartu ahal izango du lehiaketan, urte osoan pintxoak eskaintzen badituzte beren establezimenduan.
Pintxoak originala izan beharko du, eta establezimendu bakoitzak pintxo bakarra aurkeztu ahal izango du. Osagaiak eta pintxoaren prestaketa modua libreak izango dira, baina salmenta prezioa 1,60 eurokoa izan beharko da.

Epaimahai teknikoak emango du pintxo onenaren saria, eta irabazleak 300 euro jasoko ditu Txankakuaren establezimenduetan gastatzeko. Bigarren sarituarentzat 150 eurokoa izango da saria. Herritarrek ere izango dute pintxo gustukoena aukeratzeko aukera botoen bidez, eta irabazleak garaikurra eta txapela jasoko ditu. Sari banaketa hilaren 26an izango da.

Orain arte jokatu diren lehiaketako azken bi edizioak Viento Sur tabernak irabazi zituen, 2018koa eta 2019koa.