Berkoa kooperatiban sortu duten marruskadura-soldadurako makina aitzindaria ezagutzen izan da Iñigo Urkullu lehendakaria Elgoibarren

Barren.eus 2022ko uzt. 13a, 11:37

Elgoibarko Ibaitarte industriagunean dagoen Berkoa kooperatibak marruskadura-soldadurako lehen makina aurkeztu eta abian jarri du, era honetako bakarra Estatuan. Lortek Zentro Teknologikoaren laguntza izan dute makina honen garapenean. Gaur goizean Eusko Jaurlaritzako eta beste zenbait erakundeetako agintariei erakutsi diete makina berritzaile hori.

Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera etorri da bisitan Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia ere. Era berean, AFM makina-erremintaren klusterreko lehendakaria eta zuzendaria, José Pérez Berdud eta Xabier Ortueta, hurrenez hurren, ere bertan izan dira. Ane Beitia alkatea buru, Elgoibarko Udaleko ordezkariek ere hartu dute parte ekitaldian, eta baita IMHko zuzendari Ixaka Egurbidek eta Lortek Zentro Teknologikoko zuzendari Jaione Ganzarainek ere, besteak beste.

Berkoa Machine Tools kooperatibako lehendakari Iñigo Arriolak egin die harrera bisitariei, eta Berkoako zuzendari Andoni Garcia-Abadek eman dizkie sortu duten marruskadura-soldadurako makina berritzaile honi buruzko azalpenak. Gainera, makina martxan jartzeko ohorea Lehendakariari laga diote. Hark zanpatu du makina abian jartzeko botoia (ikus honako bideoan SoldAvanza makina). Ikasmak hezkuntza-makinen lehen seriea ere ezagutu dute bisitariek.

Lehendakariak ziurtatu du makina-erreminta "funtsezko" industria-sektorea dela euskal ekonomiarentzat, eta adibidetzat jarri du Berkoa. Elgoibarko enpresa honek dituen hiru printzipioak nabarmendu ditu Urkulluk: "Berrikuntza, dedikazioa eta gogoa". Kooperatiba partekatzen duten pertsona guztien parte-hartzea eta integrazioa bultzatzen duen proiektu komun gisa ulertzeko modu bat direla esan du bisitaldiaren ostean komunikabideentzako egin dituen adierazpenetan.

Urkulluk azaldu du makina-erremintaren sektoreak badakiela eraldaketa teknologikoaren eta digitalaren erronkei aurre egiten, "merkatu ireki eta oso lehiakor batean", eta ziurtatu du Jaurlaritzak eta euskal erakundeek sektore horri laguntzen jarraitu dutela, industrian eta zerbitzu aurreratuetan Barne Produktu Gordinaren % 40 gainditzeko.

"Ildo horretan, berrikuntza eta produkzioaren nazioartekotzea bultzatzera bideratutako programak babesten jarraituko dugu" esan du Lehendakariak eta eta gogorarazi du, apirilean Ukrainako gerraren ondorioei buruz egindako Osoko Bilkuran, onartu zela Gizarte Babeserako Funts Berezi bat 15 milioi eurorekin; Ekonomia eta Enplegua Babesteko beste Funts bat 131 milioi eurorekin; eta enpresen likidezia-beharrei erantzuteko neurri berriak 40 milioirekin.

Enpresa gaztea da Berkoa. 2016an sortu zuten kooperatiba hau garai bateko Kondia-Akoin enpresako langile ohiek. Zehazki, bederatzi bazkidek sortu zuten Berkoa Machine Tools, 2016ko otsailaren 5ean. Enpresaren haspapenetatik IMHtik irtendako ikasleak batu dituzte enpresara eta egun hamabost beharginek osatzen dute enpresa. Batez ere automozioa, aeronautika eta ekipo ondasunetarako makina-erreminta fabrikatzen du. Berrikuntzan eta 4.0 industrian egindako ahaleginari esker, nazioarteko merkatuetan gero eta sendoago dihardu lanean, bere produkzioaren erdia baino gehiago kanpoan saltzen baitu. Besteak beste, Frantzian, AEBean, Britania Handian, Errumanian edota Indian saldu dituzte euren makinak.

Marruskadura-soldadurako teknologia gero eta sektore gehiagotan erabiltzen dela ikusita, era horretako makinen fabrikatzaile nagusia izan nahi dute Berkoako arduradunek Espainiar estatuan. Lehen makina egin ostean, bigarren bat eraikitzen dihardute, honakoa 50 tonakoa, Izar Cutting Tools Amorebietako enpresarentzat. Andoni Garcia Abadek eskerrak eman dizkie lehendakariari eta gainerako agintariei bisita honekin eman dieten babesagatik. "Garrantzi handikoa da guretzat, garapenerako asmo handiak dituen enpresa gazte eta txiki honentzat", esan du.

 

2022 07 13 inigo urkullu lehendakaria bisita berkoa pizten elgoibar BARREN

2022 07 13 inigo urkullu lehendakaria bisita berkoa elgoibar BARREN langileegaz

2022 07 13 inigo urkullu lehendakaria bisita berkoa elgoibar BARREN 1

2022 07 13 inigo urkullu lehendakaria bisita berkoa elgoibar BARREN

∞Lotura duten albisteak: