Eraldaketa digitalari buruzko mahai-ingurua eta networking saioa antolatu dituzte ekainaren 16rako

Barren.eus 2022ko eka. 13a, 13:08

Enpresa txikietan eraldaketa digitala bultzatzeko asmoarekin, ‘Urrats bat digitalizaziorako bidean' izeneko jardunaldia antolatu dute Ekinguneak eta Elgoibarko Udalak, eguen honetarako.

Mahai-ingurua eta networking saioa egingo dituzte. Networkinga beste profesional batzuk ezagutzeko eta horiekin harremanetan jartzeko prozesua da; lehen lantokian bertan, bileretan edo azoketan egiten zuten, eta orain Internet bidez ere egin daiteke. Enpresaren egoera hobe dezaketen kontaktuen sare bat sortzea da helburua. Ekintzaileen arteko lankidetza eta sustapenean diharduen Ekingune elkartetik jakinarazi dutenez, Elgoibarren egingo duten jardunaldiaren helburua da enpresa txikien eraldaketa digitalerako prestakuntzari buruz (marketin digitala, merkataritza elektronikoa, faktura elektronikoa, CRM bezeroen kudeaketa-sistemak, stockaren kontrola, zibersegurtasuna, etab.) sentsibilizatzea eta formakuntza eskaintzea.

Mahai-inguruko hizlariak Beatriz López eta Esther Velasco izango dira. Ekainaren 16an izango da, 18:00etan, Elgoibarko Aita Agirre kulturgunean eta ekintzaileei, autonomoei eta enpresa txikiei zuzenduta dago.

Aldez aurretik izena eman behar da esteka honetan: https://labur.eus/1IkZI, ekainaren 14a baino lehen.