Batxilergo artistikoa egin zuen ondoren, eta han ikasitako gauza guztien artetik, diseinua aukeratu zuen. Iruñean egin zituen Moda Diseinatzaile ikasketak, eta "mundu berri bat" deskubritu zuen. Gaur egun moda jasangarrian dihardu, ehunak eta oihalak tinta naturalekin tindatzen. Bihar egingo du bere lanaren erakustaldia Makina Erremintaren Museoan, eta besteak beste, indigo kolorearekin shibori teknika nola lantzen den erakutsiko du.
• Nondik datorkizu modarako zaletasuna?
DBHn artisautza ikasgaia geneukan aukeran, eta beste batzuk frantsesa aukeratu zuten moduan, nik artisautza aukeratu nuen. Umetatik izan dut arterako zaletasuna, baina nire benetako harremana artearekin DBHn hasi zen. Ondoren, Ignacio Zuloaga institutuan Batxilergo artistikoa egin nuen. Arte diziplina desberdinak ezagutu nituen Batxilergoan, baina marraztea ere gustuko dudanez, moda diseinatzaile ikasketak egitea erabaki nuen. Egia esanda, ez naiz sekula izan moda gehiegi jarraitzekoa, baina diseinua betidanik gustatu izan zait. Iruñeko unibertsitatean egin nituen ikasketak, eta ikasketa amaierako proiektua tindaketa naturalaren inguruan egin nuen.
• Ikasketak bukatu dituzu. Zertan diharduzu orain?
Lau urteko ikasketak izan ziren, eta lau urte horietan gauza desberdinak probatzeko aukera eduki nuen. Nire izaerarekin bat zetorren alorra aukeratu nuen: jasangarritasuna modan. Alor horretan lan handia dago egiteko, eta gainera, aspektu askotan aplikatu daiteke. Berrerabili daitezkeen materialak aprobetxatzen saiatzen naiz. Biomodari buruzko ikastaro bat ere egin nuen beka bati esker, eta biomaterialak egiten ikasi nuen, material organiko eta konbutxarekin.
• Zertan datza tindaketa naturala?
Tindaketa prozesuak kutsadura sortzen du gehienetan, batez ere ekoizle handiek epe zehatzekin lan egiten dutelako. Tindaketa naturala askoz motelagoa da, baina gero eta artisau gehiagok erabiltzen dute, ekoizpen txikiak egiteko. Niretzat askoz artistikoagoa da. Makina Erremintaren Museoan egin nuen nire lanaren erakustaldi bat, eta oso pozik geratu zen jendea. Gauza berri pila bat nituen eginda, eta lan horiek erakusteko ere aprobetxatu nuen. Azken batean, telak tindatzeko erabili nuen ura bioplastikoa egiteko ere erabili nuen, eta gero, ura eta laka pigmentuak atera nituen. Oso interesgarria izan zen saioa. Egia esan, tindaketaren mundu hau guztia oso interesgarria da; niri izugarri gustatzen zait. Mundu berri bat deskubritu dut, eta nire lagunei askotan esaten diet, koloreekin magia egitea modukoa dela hau guztia. Material bakoitzak kolorea nola hartzen duen ikustea izugarria da. Nik gehiena kotoia tindatzen dut, baina zetarekin hastea ere gustatuko litzaidake.
• Zein osagai erabiltzen dituzu tindaketarako?
Landareekin hasi nintzen, baina erabiltzen ditut baita ere kipula azala, aguakatea... zikintzen duen edozerk balio du tinta lortzeko. Ehunak edo oihalak tindatzeko prozesuan urarekin egosten da dena, eta gero ur hori murriztuz, paperean margotzeko tinta ere lortu daiteke.
*Argazkiak: Jairo Berbel