Azken zapatuko feria bihar, pandemia aurreko egoeran

Barren.eus 2022ko mai. 27a, 08:36

Maiatzeko azken zapatuko feria egingo dute bihar, maiatzak 28, Debemenek eta Udalak antolatuta, eta pandemiaren etenaldiaren ostean, txosna eta umeentzako tailerrak berreskuratuko dituzte.

Atabal elkarteak jarriko du txosna oraingoan, eta 11:00etatik aurrera txahal sahieski pintxoak salduko dituzte. Ordu berean, 'Ortua etxean' tailerrak egingo dituzte Atxutxiamaikako hezitzaileek, eta umeek piperrak landatzen ikasiko dute. Goizean zehar, baserrietako produktuak erosteko aukera ere egongo da.

 • Elgoibarko Kale Kantariak ez dira kalera irtengo sanbartolomeak arte
Maiatzeko azken zapatuko ferian irtetekoak ziren Elgoibarko Kale Kantariak bihar, baina jakinarazi dute ez direla irtengo, ez maiatzean eta ezta ekainean eta uztailean ere. Hurrengo kantaldia San Bartolome jaietan egingo dutela esan dute.