Dendartean elkartean bildutako Gipuzkoako 2.200 merkatari txikiek, -tartean Txankakuakoek-, ohartarazi dute Ticket Bai sistema ezin dela martxan jarri Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri dituen "epe eta prozedurekin". Elkarteak ohar baten bidez adierazi duenez, ez dago aukera errealik Ticket Bai ezartzeko. "Saltoki txikien modernizazioa beharrezkoa dela sinetsita, eta gure Aldundia prozesu honetan laguntzen ari zaigula onartuta eta eskertuta, ikusten dugu ez dagoela benetako aukerarik Ticket Bai sistema ezarri nahi den garai eta prozeduren bidez ezartzeko, Gipuzkoako saltoki txikietan kalte handia eragin gabe. Guztiz beharrezkoa ez den zerbait, ikuspegi fiskaletik nahiz sozialetik".
Horrez gain, argi laga nahi dute ez dagoela iruzur fiskalik euren negozioetan; "ez dago iruzur bat derrigorrezko sistema ezartzeko urgentzia hau justifikatzen duenik".
Dendartean-ek gogoratu du Ticket Bai sistemak komertzio txikiak behartu egiten dituela beren salmentak gertatzen diren unean helaraztera ogasunera, "programa informatikoen bidez". Aldi berean, jakinarazi du Espainiako Gobernuak lege egitasmo bat duela tramitean, araudi bat garatzeko fakturazio sistemen inguruan. Eta erantsi du Madrilen asmoa dela negozioek "borondatez eta inolako derrigortasunik gabe" jartzea horrelako sistemak, fakturazioak ogasunera bidal daitezen gertatzen diren unean.
Aldundiak negozioen fakturazioa zaintzeko martxan jarri nahi duen sistema honek onurak baino, kaltea eragingo diela uste dute. "Gaur egungo unea guztiz desegokia da Ticket Bai ezartzeko, negozioen itxiera prozesuak bizkortuko baititu. Denok dakigu zer-nolako arazo bortitza duen hiriko merkataritza txikiak: krisia, birmoldaketa, inflazioa, kostuen igoera orokorra, COVID-a, gerra, eta abar. Baina krisi hau ez da berria; lehenik eta behin, hirigintza Banaketa Enpresa Handien zerbitzura jarri zen, eta, gero, online salmenta plataforma handiei mesede egiten dieten legediak mantendu dira, lan-ikuspegitik zein ikuspegi fiskaletik, izan ere, gure udalerri guztietan lan-kontraturik gabeko pertsonekin saltzen baitute, ia zergarik ordaindu gabe eta 'legezko' zerga-paradisuetatik jardunez, erabateko lehia desleiala sortuz".
Dendarteanekoen iritziz, Ticket Bai sistema ezartzeak ez dakar zailtasun bera makroenpresa, mikroenpresa edo denda txikientzat, eta, hortaz, kasuaren arabera ezarri beharko litzateke, "gaitasun teknologikoari dagokionez, aldeak izugarriak" baitira. "Merkataritza txikian, langile-baliabide gutxirekin, adin aurreratuekin, esperientzia eta ezagutza digital eta informatiko urriekin eta baliabide ekonomiko gutxirekin egin behar diete aurre Ticket Bai-ri". Sistema berriak gastuak handitzea eta negozioa kontrolik gabe uztea ekarriko duela esan du elkarteak, "ez bagenuen arazo gutxi, gastu gehiago, lan-denbora gehiago, segurtasun eza eta kontrolik eza sortuz".
Gipuzkoako Foru Aldundiari sektoreko ordezkariekin talde bat sortzeko eskatu diote, "guztion artean irtenbide on bat bilatzeko". Aldundiaren Ticket Bai Dekretuak berak, "zentzuzko ikuspegi batekin" salbuespenak aurreikusten dituela ere ohartarazi dute, bere 6.artikuluan, hain justu ere, "enpresa-jardueraren garapenean nahasmenduak saihesteko". "Ulertuak izateko konfiantzarekin eta Aldundiak ondorioak garrantzitsuak joko dituelakoan, arazo hau konpontzeko gehiago inplikatzera eta sektoreko ordezkariekin talde bat sortzera gonbidatzen dugu, guztion artean irtenbide on bat bilatzeko", adierazi dute.