Etxebizitza eskuratzeko arazoa gazteek emantzipatzeko daukaten oztopo nagusienetakoa dela dio udalak, hainbat arrazoirengatik: "ekonomikoa, langabezia-tasa altua, lan-prekarietatea, etxebizitzen eta alokairuaren prezio altua".
Egoera horren aurrean, eta Elgoibarko gazteen emantzipazioa sustatzeko eta horiei independizatzeko aukera gehiago eskaintzeko, Udalak alokairurako laguntza-lerro bat jarri zuen martxan 2017an, kolektibo horri etxebizitza bat alokatzeko erraztasunak eskaintzeko. Honenbestez, diru-laguntza hau bultzatzen duen 6. urtea da. Iaz, 2021ean, herriko bederatzi gaztek jaso zituzten alokairurako laguntzak, eta azken bost urteetan 89 gaztek.
Elgoibarren etorkizunerako laguntza garrantzitsua dela nabarmendu du Ane Beitiak. "Gure gazteek Elgoibarren bizitzeko eta lan egiteko aukera izatea behar eta nahi dugu. Udalak egingo duen Gazteriaren Beharrei eta Emantzipazioari buruzko etorkizuneko Plana funtsezkoa izango da gure gazteei buruzko udal-politikak ezartzeko. Pandemiak are gehiago zaildu du laneratzea eta, beraz, emantzipatzeko aukerak. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da horrelako laguntzak bultzatzea”, esan du laguntza hauen harira.
Laguntza hori eskatzeko epea zabalik dago, eta, horren bidez, etxebizitzaren alokairuaren hileko kuotaren zati bat diruz lagunduko dute. Kasu horretan, kontuan hartuko diren errentak dagokion urte naturalekoak izango dira, hau da, 2022koak.
Hauek dira laguntza eskatzeko bete behar diren baldintzak:
1. 18 eta 35 urte bitartean izatea.
2. Gutxienez azken bi urteetan Elgoibarren erroldatuta egotea.
3. Etxebizitzarik jabetzan ez izatea.
4. Bestelako laguntzarik ez jasotzea alokairurako.
5. Urteko diru-sarrerak 18.000 eta 30.000 euro gordin artekoak izatea.
• Bi kideren edo gehiagoren kasuan, urteko guztizko diru-sarreren batura ezin izango da 58.000 euro gordinetik gorakoa izan.
• 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pertsonek bat egin beharko dute Eusko Jaurlaritzaren GAZTELAGUN programarekin.
6. Laguntza hau aurreko hiru deialdietan jaso ez izana.
Alokairuaren hileko kuotaren zati bat diruz lagunduko dute, kasu honetan 2022ko kuotak. Hala ere, laguntza hori lortzeko, etxebizitzaren alokairuaren prezioa ezin izango da 600 eurotik gorakoa izan, eta hortik kanpo geratzen dira babes ofizialeko etxebizitzak, azpietxebizitzak, logelen errentamenduak eta etxebizitza gisa erabilitako lokalak.
Horrela, jasotako laguntza aldatu egingo da onuradun bakoitzaren diru-sarreren arabera:
- Diru-sarreren batura 40.000 eurotik beherakoa bada, hileko alokairuaren prezioaren % 50 lagunduko da diruz, hilean 250euroko gehieneko balioarekin.
- Diru-sarreren batura 40.000 eurotik gorakoa eta 58.000 eurotik beherakoa bada, diru-laguntza hileko alokairuaren prezioaren % 30ekoa izango da, hilean 150 euroko gehieneko balioarekin.
Era berean, errentak hiru alditan ordainduko dira, eta, horretarako, dagozkion hilerokoen ordainketak justifikatu beharko dira, ordainketaren justifikazioa telematikoki aurkeztuz.
Interesdunek ekainaren 3a baino lehen eta modu elektronikoan egin dezakete eskabidea www.elgoibar.eus webgunean.
∞Lotura duten albisteak:
- Elgoibarren 18 eta 34 urte bitarteko gazteen bi heren emantzipatu gabe daude (2022-02-02)
- Elgoibarko gazteen emantzipaziorako eskariaren eta beharren diagnostikoa egiten ari da Udala (2021-10-06)
- Bederatzi gazte elgoibartarrek jasoko dituzte etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak (2021-07-09)
- Gazteen alokairua sustatzeko 35.000 euroko diru laguntza bideratuko du Elgoibarko Udalak (2021-04-22)
- Etxebizitzak alokatzeko laguntzak emango dizkie Udalak gazteei (2019-05-02)
- Herriko gazteen emantzipazioa errazteko 50.000 euro banatuko ditu Elgoibarko Udalak (2018-04-18)
- Elgoibarko etxebizitza hutsen kopurua ezagutzeko azterketa egingo du Udalak (2017-11-28)
- Gazteei etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak emango dizkie Elgoibarko Udalak (2017-10-27)