Julian Villena eta Pello Rubio ‘Txillarre’ saritu dituzte Debako Soro Ferian

Barren.eus 2016ko urt. 4a, 15:37

Urteko lehen zapatuan egin ohi duten legez, Soro Feria eguna ospatu zuten joan den urtarrilaren 2an Deban. Bi elgoibartar saritu zituzten feria barruan antolatutako lehiaketetan: Pello Rubio Txillarrek irabazi zuen barazki lehiaketa eta Julian Villenak ezti-lehiaketa.

Fruta, barazki, ezti eta gazta lehiaketak egin zituzten zapatuan Debako Soro Feria egunean. Pello Rubiok 2015a amaitu zuen modu bertsuan hasi zuen urte berria, sariak irabaziz, alegia. Lehen saria eskuratu zuen Elgoibarko Gabon Zahar Ferian eta Deban ere lehen saria jaso zuen barazki lehiaketan. Gainera, iaz ere irabazi zuen sari hau. 300 euro jaso zituen. Debako Doniene-Berri baserriko Miriam Arrizabalagak eskuratu zuen bigarren saria eta Soraluzeko Arizaga baserrira joan zen hirugarren saria, Ezozi Etxeberriaren eskuetara, hain justu ere.

Ezti-lehiaketan lehen saria (150 euro) eskuratu zuen Julian Villena eztigile elgoibartarrak. Lasturko Artia baserrian dituzten erlauntzetatik ateratako eztiari esker saritu zuten. Asier Martin Bergararra sailkatu zen bigarren postuan eta Erlatz Olabarria plaentxiarra sailkatu zen hirugarren. Debabarrenako eztigilek hartu zuten parte Debako lehiaketan eta irabazleak ordezkatuko du eskualdea Gipuzkoako ezti-lehiaketan. Zegaman egingo duten Erlezain Egunaren barruan egingo dute lehiaketa hori, datorren apirilean. Elgoibarko hainbat saltokitan eskuratu daiteke Julian Villenak eta Nagore Dorronsorok ekoizten duten eztia. Zortziko eztia izenarekin komertzializatzen dute.

2016 01 02 soro feria villena eztia