Greban diren garraiolariek Lerun industrialdean egin dute protesta

Barren.eus 2022ko mar. 22a, 13:44

Hego Euskal Herrian Hiru eta Tradisna garraiolarien elkarteek babestutako greba mugagabeak bederatzigarren eguna du gaur, eta Elgoibarrera ere ailegatu dira protesta ekintzak.

Gipuzkoako hainbat garraiolari Lerun industrialdeko sarrera-irteeretan batu dira goizean, txaleko horiak soinean zituztela. Gaurko mobilizazioak herriz herri egiten ari direla jakinarazi dute, eta autoz ari dira batetik bestera mugitzen. Aurreko astean, martitzenean, Elgoibartik ere igaro zen kamioien karabana. Kamioilariak Lerun industrialdean egon diren bitartean Ertzainen auto ugari azaldu dira eta baita istiluen kontrako poliziaren bi furgoneta ere.

Garraioaren defentsarako Espainiako plataformak eginiko grebarako deialdiarekin bat egin zuten Tradisna Nafarroako garraio sektoreko patronaletako batek eta Hiru Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatuak, eta grebak bederatzigarren eguna du gaur. Hego Euskal Herriko beste patronalek ez dute greba babestu.
Erregaien prezioen igoerak bete-betean eragin dio garraiolarien sektoreari, eta erakunde publikoei babesa eta inplikazioa eskatu dizkiete.

Hiru sindikatuko arduradunek adierazi dute, sindikatuak azken urteotan defendatu dituenen oso antzekoak direla lanuzte honetarako aldarrikapenak. Eta honela laburbildu dituzte: "Inork ez dezala kostuen azpitik lan egin, tarifen berrikuspena gastuen gehikuntzaren arabera, eta garraioan diren jokabide makurren kontrola, besteak beste postontzi-enpresa, kooperatiba faltsu eta azpikontratazioena".

2022 03 22 garraiolarien greba elgoibar lerun

2022 03 22 garraiolarien greba elgoibar lerun ertzaintza