Nekazaritza Politika Bateratu berriari buruzko hitzaldia emango du ENBAK Elgoibarren

Barren.eus 2022ko ots. 14a, 13:20

2023etik 2027ra arteko nekazaritza arloan indarrean izango diren politika ildoak finkatzen ditu Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreformak. Europako Batasunaren ikurretako bat den nekazaritza-politika berriari buruzko hitzaldi informatibo sorta antolatu du ENBAk; eta, Debabarrena eskualdekoa Elgoibarren izango da.

Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) hitzaldi informatiboa antolatu du otsailaren 22rako, Elgoibarko Kultur Etxean, 11:00etan hasita.

2022ko martxoan hasiko da PAC-NPB eskabideak aurkezteko sasoia, eta aurtengoa izango da 2014-2020 aldiko azken urtea. Izan ere, 2023. urtetik 2027ra bitartean Nekazaritza Politika Bateratu berria izango da indarrean, Europako Parmamentuak joan den azaroan onartu zuena.

ENBAk, Europako Batasunaren nekazaritza-politika berriaren nondik norakoak azaltzea baserritarrentzat interesgarria izan daitekela-eta, hitzaldi-sorta antolatu du, Gipuzkoako zazpi eskualdetan. Debabarrena eskualdekoa Elgoibarren egingo dute. Hitzaldian parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute gipuzkoa@enba.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 650 123 telefono zenbakira deituta.

2022 02 14 PAC ENBA Hitzaldiak kartela