Herriko enpresen ekintzailetza, digitalizazioa eta ondorengotza bultzatzeko 25.000 euro banatu ditu Udalak

Barren.eus 2022ko ots. 10a, 11:32

Guztira 37 eskaera aurkeztu dira Elgoibarko Udalak ekintzailetza, digitalizazioa eta ondorengotza bultzatzeko diru laguntza deialdira, eta horietatik 26 izan dira onartuak.

Elgoibarko Udalak ia 25.000 euro bideratu zituen 2021ean ekintzailetza, sendotze eta eguneratze digitala eta enpresen ondorengotza bultzatzeko laguntzetara, norgehiagoka-erregimenaren bidez.

Laguntza horiek jasotzeko, nahitaezkoa zen eskaera bat aurkeztea, eta eskaera horiek joan den azaroaren 30a baino lehenago aurkeztu behar zituzten interesdunek. Udaletik jakinarazi dute 37 eskaera jaso zituztela, eta dirulaguntza eskabideok aztertu zituztela gero, balorazio teknikoa eginez.
Aurkeztutakoetatik 26 izan ziren onartuak eta 11 ukatuak. Onartutako proiektu guztientzako 24.699,86 euro bideratuko ditu Udalak. Denek ez dute jasoko diru kopuru berdina; aurkeztutako proiektu eta inbertsioen araberakoa izango da banaketa.
Elgoibarko Udalak diru-laguntza deialdiaren balantze “positiboa” egin du, eta horien helburua herriko ehun ekonomikoa babestu, mantendu eta sustatzea dela azaldu du. Baita "modernizatu, egungo joeretara egokitu eta erakargarri" egitea ere. "Covid-19aren krisiak nabarmendu du herriko ehun ekonomikoaren garrantzia, baina baita digitalizazio prozesuetan urratsak daudela emateko ere. Hor jarri da fokoa. Eta, noski, esfortzu hori guztia ezerezean geldituko litzateke oinordekotzarik edota erreleborik ez balego, horrenbestez, ildo horretan ere apustua egin da. Elgoibarrek ehun ekonomiko indartsua behar du eta erakargarria lanerako zein kontsumorako”, adierazi dute udal arduradunek.