Elgoibarko mapa turistikoa argitaratu du estreinakoz Udalak

Barren.eus 2022ko urt. 24a, 12:44

Elgoibarko Udalak plano turistikoa argitaratu du estreinakoz. Ekimena herriaren 675. urteurrenaren prestaketa lanetan sortutako proposamena izan dela azaldu dute udal arduradunek.

Udaletik nabarmendu dutenez, orain arte Elgoibarrek ez du inoiz honelako plano turistikorik eduki. Herriko monumentuak, eskulturak, baselizak, bidezidorrak eta gainerako informazio turistiko interesgarria ezagutarazteko erraminta izateko argitaratu dute. Ane Beitia alkateak azaldu duenez, mimo eta dedikazio handiz egindako lana da. "Monumentuak planoan ilustratu dira emaitza artistiko eta erakargarria eskainiz, mapako osagai guztiak era bisualean eta dibertigarrian ikusteko aukera emanaz”.

Elgoibarko mapa turistikoaren atzealdean monumentuen ezaugarri garrantzitsuen inguruko informazioa jaso dute, eta interesa dutenek Udalaren webgunera daramaten QRen bidez jaso dezakete informazio zabalagoa. Antzera Dolmenen Ibilbidearekin, labur jasotzen bada ere, ibilbide horren aplikazioa jaitsi daiteke planoaren atzealdean agertzen den QRaren bidez.

Plano hau turistentzat pentsatuta dagoen arren, elgoibartar guztientzat eskuragarri dago Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), baita herriko ostatuetan ere.
Lan honek Elgoibarren egin daitekeen bisita autogidatua osatzen du, zeina 2021eko udan estreinatu zen. Bisita honek, herriguneko hainbat tokitan jarri ziren panelen bidez, herrian XIV., XV. eta XVI. mendeetan izandako historia eta aldaketak kontatzen ditu. Panelak herriko plano batzuez osatuta daude, eta QRn bitartez, bertako irudiek zer adierazten duten ikas daiteke, bai idatzizko testu baten bidez, bai audio baten bitartez ere.

2022 01 24 elgoibar mapa turistikoa atzealdea elgoibarudala