Dore Castillo: “Pintxoa ahoan sartzerakoan zapore nahasteak liluratu egin behar gaitu”

Barren.eus 2022ko urt. 5a, 16:54

Elgoibarko Viento Sur gastrotekako sukaldaria eta arduraduna da Dore Castillo Estrella (Eibar, 1989). Aiala sukaldaritza eskolan egin zituen sukaldaritza ikasketak eta sommelierra ere bada. Tabernako barra pintxoz beteta izaten du eta ardo trago batekin lagundu nahi duenak aukera zabala dauka. Hori estimatzen dute herritarrek eta baita Repsol gidako ‘Soletes’ izendapena eman diotenek ere. Irabazi izan dituen pintxo lehiaketetarako ideia berriak lantzen dituen sukalde txikitik irtenda hitz egin du gurekin.

  • Nola hasi zinen ostalaritza arloan lanean?
Umetan, gurasoekin, sukaldean ibiltzen nintzen batzuetan, baina ez nuen pentsatu inoiz sukaldari izango nintzenik. Tabernetan lanean ibili nintzen eta gero, Karlos Argiñanoren Aiala sukaldaritza eskolan egin nituen ikasketak. Txaltxa jatetxean aritu nintzen Eibarren eta asko ikasi nuen. Jatekoez gain, ardoa ere gustuko dut eta sommelier masterra egin nuen. Viento Surren Carlos La Hozekin hasi nintzen. Sukaldari eta sommelier lanean trebea nintzela uste zuen, eta gastroteka uztekoa zenez, bikoteak eta biok heldu genion proiektuari. Ardo kontuak pixka bat alboratuak ditut eta sukaldean dihardut orain. Guztira bost sukaldari aritzen gara sukaldean txandaka.

 • Zure ibilbidean barrena hainbat pintxo lehiaketa irabazi dituzu, ezta?
2018an, taberna hartu berritan, Elgoibarko pintxo lehiaketan parte hartu eta irabazi egin genuen, baita 2019an ere. Elgoibarkoa berriz egiteko zain nago, herriko jendea gustura izatea nahi dudalako.

2022 01 05 Dore Castillo viento sur elgoibar pintxoak txapelak

 • Pandemia gogorra izan da ostalarientzat.
2020an itxi egin behar izan genuen eta oso gogorra izan zen, ez baigenekien zer gertatuko zen. Gero berriz lanean hasi ginen eta terraza daukagunez, hori laguntza izan zen guretzat. Hala ere, orduan izan genituen zailtasunak. Ez geunden egoerara ohituta eta zaila zen bezeroak kontrolatzea, beste leku batzuetan musukorik gabe egoteko aukera ematen zietela esaten ziguten eta haserretu egiten ziren, bazirudien errudunak gu ginela. Beste zenbait bezero, ordea, guregana etorri dira arauak zuzen bete ditugulako: distantziak mantenduz, musukoa jarriz... 2021ean “normaltasunera” itzuli ginen eta orduan bezero batek jakinarazi zigun Repsol Solete bat eman zigutela.

 • Zer da ‘Soletes Repsol’?
Repsol Gidak eguzkiak banatzen ditu ostalaritza establezimenduen kalitatea maila nabarmentzeko. 'Soletes' izeneko kalifikazio berri bat sortu du, tamaina txikiko establezimenduentzat. Xarmadun lokalak saritzen dituzte, auzoetako tabernak, behin joan ondoren bezeroak itzultzen diren horietakoak, modu egokian hartu dituztelako, giro atseginagatik, produktuak gustatu zaizkielako... Askotariko pintxoak ditugula baloratzeaz gain, ardo aukera zabala dugula ere estimatu dute. Jendeak beti berdinetara jotzen du, baina gurera etorriz gero, jakin badaki beste ezberdinen bat edan ahal izango duela. Sorpresa polita izan zen guretzat izendapen hau jasotzea, 1.000 jatetxe eta tabernen artean Debabarreneko lehenak izan ginelako. Inguruan badira beste toki batzuk gauza onak egiten dituztenak, baina etorri zenari guk eskainitakoa gustatu zitzaion. Izendapen honekin taberna ezezik herria ere agerian ipintzen dugu Espainian. Udan, esaterako, jende asko horregatik etorri da eta guri ere balio izan digu lana ondo egiten ari garela benetan jakiteko.

 • Hori ez da izan aurten lortu duzun sari bakarra. ‘Bacalaos Alcorta’ Pintxo Lehiaketan ere bi sari jaso dituzu.
Bai. Ez nintzen batere seguru joan maila handiko sukaldariekin lehiatu behar nintzelako, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Bizkaiko bakailao pintxo lehiaketen aurtengo irabazleekin. Hala ere, nire pintxoa ona zela sinetsita nengoen, zerbait lortzeko aproposa, baina irabazle nintzela esan zidatenean harritu egin nintzen, ez nuelako espero. Gainera bi sari eskuratu nituen: Debabarreneko pintxorik onena eta 0 Km. pintxorik onena.

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1227. zenbakian -PDF-

2022 01 05 dorelin viento sur elgoibar pintxoagaz barren

2022 01 05 Dore Castillo viento sur elgoibar pintxoa irabazlea bakailua