Elgoibarko Alcorta Forging Group enpresako zuzendari Lorenzo Mendietak Bilboko alkate Juan Maria Aburtoren eskutik jaso zuen Arizmendiarrieta Saria, joan den astelehenean, azaroak 29, Deustuko Unibertsitatean egin zuten ekitaldian. Sari hau 2020ko ekainean banatu behar zuten, baina pandemiaren eraginez atzeratu egin zuten.
Arizmendiarrieta Fundazioak hainbat jarduera antolatu ditu Gasteiz, Donostia eta Iruña-Tuterako Eleizbarrutietan, jaiotzez Barinagakoa (Markina) zen Jose Maria Arizmendiarrieta apaizari bere heriotzaren 45. urteurrenaren harira eskaini dioten hilabetean. Arizmendiarrietak sustatu eta sortu zuen munduko kooperatibarik handiena, Mondragon esperientzia kooperatiboa. Antolatu dituzten jardueren baitan egin zuten Arizmendiarrieta Saria banatzeko ekitaldia Bilbon.
Alcorta Forging Group enpresak dituen 200 beharginak sari banaketa ekitaldian egotea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen enpresako zuzendari Lorenzo Mendietak saria jasotzerakoan. Izan ere, koronabirusaren pandemia dela-eta aforoa mugatuta egin zuten sari banaketa ekitaldia. Saria eskuetan zuela, Alcorta etekin ekonomimoez haratagoko helburuak dituen enpresa dela azaldu zuen Mendietak. "Pertsonaren inguruan eratutako enpresa izan nahi dugu; bidezkoa eta solidarioa. Langileek parte hartu, inplikatu, iritziak eman eta proiektuetan botoa emateko aukera duten enpresa izatea, Arizmendiarrietak zituenekin bat egiten duten baloreak guztiak", esan zuen.