Debabarreneko ekintzaileentzat dirulaguntzak emango ditu Lanbidek

Barren.eus 2021ko aza. 30a, 12:12

Enpresa ideia berriak bultzatzeko eta enpresa jarduera berriak martxan jartzeko bi dirulaguntza emango ditu Lanbidek, eta Debegesak kudeatuko ditu laguntza horiek.

Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaileei bideratutako dirulaguntzen deialdia abian jarri du aurten ere. Deialdi horretan, 30 urtetik beherako gazteei eta emakumeei arreta berezia eskaini dietela zehaztu dute, "dirulaguntzaren zenbatekoa handiagoa izango da horientzat".

"Hazkuntza ekonomikoa, garapena eta ongizatea bultzatzeko, ezinbestekoak dira ekintzaileak eta hori bultzatzeko beharrezkoa da ekintzaileei beraien prozesuan laguntzea. Horretarako, deialdi hau jarri da martxan: batetik, garatzen ari diren ideiak definitzera edo egokitzera bideratuta eta, bestetik, dagoeneko zehaztuta dauden ideia bideragarriak martxan jartzeko", azaldu dute Debegesa Garapen Agentziatik, beraiek arduratuko baitira dirulaguntzak kudeatzeaz.

Bi kasuetan, Debegesak emandako aholkularitzak eta Lanbidek, Europako Gizarte Funtsarekin batera, eskainitako dirulaguntzak osatuko dute laguntza. Onuradunek jasoko dituzten dirulaguntzak ondorengoak dira:

  • Enpresa-ideia garatzeko: 30 urte edo gehiago duten gizonezkoentzat 1.000 euro eta emakumezkoentzat 1.150 euro; eta 30 urte edo gutxiago duten gizonezkoentzat 1.150 euro eta emakumezkoentzat 1.300 euro. 
  • Enpresa-proiektuak martxan jartzeko: 30 urte edo gehiago duten gizonezkoentzat 1.500 euro eta emakumezkoentzat 1.725 euro; eta 30 urte edo gutxiago duten gizonezkoentzat 1.725 euro eta emakumezkoentzat 1.950 euro.

Eskaera aurkeztu nahi dutenek Debegesako bulegoetan abenduaren 10a baino lehen eraman behar dute eskaera-orria eta gainerako dokumentazioa. Bulegoa goizeko 9:00etatik 16:00etara egongo da zabalik.

Baldintzei, eskaerari edo prozedurari buruzko informazio gehiago www.debegesa.eus (hemen Informazio osagarria) webgunean aurkitu daiteke edo agentziako Enpresa eta Ekintzailetza sailarekin harremanetan jarriz 943 820 110 telefono zenbakian edo ekintzailetza@debegesa.eus email helbidean.