Lau lanpostu publiko betetzeko deialdia egin dute

Barren.eus 2021ko aza. 23a, 14:38

Elgoibarko Udalak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean, aldi baterako lau lanpostu betetzeko deialdia egin du.

Elgoibarko Udalak 97.143,73 euro jaso ditu enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2021eko diru-laguntzen barruan, eta lau lanpostu betetzeko deialdia egin du, Lanbiderekin elkarlanean. Lanpostu horietarako izena eman nahi dutenek Elgoibarko Lanbideko egoitzan zein Lanbideren webgunean egin dezakete eskaera.

Eskainiko dituzten lau lanpostu publikoetatik hiru peoi lanak egiteko izango dira; eta laugarrena, auzoak eta landa-eremuak zaintzeko lanbide anitzeko langile bat kontratatzeko. Guztietan aldi baterako lan-kontratua egingo diete hautatuei.

  • Lanbide anitzetako langilearen eginkizunak izango dira hiri-altzarien mantentze edo birjartze lanak, garbiketa, pintura eta kontserbaziorako beste lan batzuk egitea. Lanaldi osoko lau hilabeteko kontratua eskaintzen da honako ordutegian: 06:45etik 14:00etara. Izena emateko amaiera data datorren abenduaren 8an itxiko da, eta deitzaileek aurreikusten dute urtea amaitu baino lehenago lanean hasiko direla.
  • Ezinbesteko baldintzak dira B gidabaimena izatea, gaztelania jakitea, Elgoibarren erroldatuta egotea, eta langabezian egotea eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea. Gainera, kontutan hartuko dute euskararen ezagutza, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) hartzailea -titularra- izatea, emakumea izatea eta 55 urtetik gorakoa izatea. Aurrekoez gainera, "baloratuko" dute elektrizitatean, pinturan edo arotzerian egiaztatu daitekeen lan-esperientzia izatea.

Bestalde, auzoak eta landa-eremuak zaintzeko lanbide anitzeko langilea kontratatzeko lan-eskaintza bakarra argitaratu da.

  • Lanpostu honen betebeharrak dira landa-eremuaren barruko espazio publikoak eta auzo, baserri, bide eta bidezidorretarako sarbideak berreskuratzea, kontserbatzea eta hobetzea, landa-eremuko lorezaintza, igeltserotza, pintura eta/edo arotzeriako oinarrizko lanen bidez. Lanaldi osoko lau hilabeteko kontratua eskaintzen da honako ordutegian: 06:45etik 14:00etara. Izena emateko amaiera data datorren abenduaren 8an itxiko da, eta aurreikusten dute urtea amaitu baino lehenago hasiko dela lanean.
  • Ezinbesteko baldintzak dira lorezaintzako ezagutza izatea, B gidabaimena izatea, gaztelania jakitea, Elgoibarren erroldatuta egotea, eta langabezian egotea eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea. Gainera, kontutan hartuko da euskararen ezagutza, DSBEren jasotzaile titularra izatea, emakumea izatea eta 55 urtetik gorakoa izatea. Baita ere baloratuko da igeltserotzan, elektrizitatean, pinturan edo arotzerian egiaztatutako lan-esperientzia.