%3,3 igoko dituzte udal-tasak 2022an, baina zaborraren tasa mantendu egingo dute

Barren.eus 2021ko ira. 30a, 11:07

Osoko Bilkuran onartu zituzten atzo, behin-behinean, 2022rako ordenantza fiskalak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu eta Podemos abstenitu egin ziren.

Erabaki horren ondorioz, oro har, %3,3 igoko dira ordenantza fiskalak 2022ko urtarriletik aurrera. Zenbateko hori zehazteko KPIak abuztuan izan duen emaitza hartu du kontuan Udal Gobernuak. Salbuespen gisa, zabor bilketaren tasa izoztea onartu du Udalak.

Bi aldaketa horiek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dute eragina. Erabakia jendaurrean jarriko da 30 egunez, elgoibartarrek erreklamazioak edo oharrak egin ahal izan ditzaten. Behin epea gaindituta, eta inolako eragozpenik ez balego, erabakia behin betikoa izango litzateke.
Elgoibarko alkate Ana Beitia alkateak adierazi du KPIaren hazkundea ez da puntuala izan: “Ez da abuztuan bakarrik eman, goranzko norabidean doa, suspertze ekonomikoaren aurrean aurkitzen gara, horrela diote datu makroekonomikoek eta Jaurlaritzatik ere aurreikuspen onak datozela iragarri dute. Urte zailak atzean uzten ari gara; Elgoibarko Udalak, esfortzua egin zuen tasak izoztuta eta orain, KPIaren gorakada ikusita, eta datu ekonomikoen aurreikuspena ona izanda, uste dugu momentua dela tasen igoera proposatzeko”. Beitiak nabarmendu du zergak direla aberastasunaren banaketarako baliabiderik eraginkorrena: “gehien duenak gehiago ordaintzeak ahalbidetzen du diru horretaz baliatu ahal izatea, gutxiago duenari aukerak emateko”. Aurtengo ordenantza fiskaletan hobariak sartu direla ere azaldu du alkateak, Osoko Bilkuran: “adibidez; familia ugarientzako baldintzak hobetu dira, Udal Kirol Patronatuaren aisialdiko eskaintzan, behar gehien dutenek %30eko deskontua izango dute, edota guraso bakarreko familiek ere deskontu berdina izango dute”.

 • Tarifa berria auto-taxi zerbitzurako
Era berean, Udalbatzak tarifa berria onartu du auto-taxi zerbitzurako: Gipuzkoako Taxi Elkarteak proposatutako igoera kontuan hartuta, 2022rako igoera % 2,9koa izango da. Azpimarratu, gutxieneko tarifak 1,5 kilometroko ibilbidea edo bost minutuko itxaronaldia hartzen dituela kontuan. Horri horrela, honakoak dira zerbitzurako prezio berriak:
1go Tarifa – Lan egunak 07:00etatik 22:00etara
  • Gutxieneko tarifa: 5,4068 euro
  • Egindako kilometroa: 1,3539 euro
  • Itxaron ordua: 18,0965 euro
2. Tarifa – Egunero 22:00etatik 07:00etara, igandeak eta jai egunak
  • Gutxieneko tarifa: 5,8874 euro
  • Egindako kilometroa: 1,4984 euro
  • Itxaron ordua: 19,0285 euro

 

∞Lotura duten albisteak: