Bizikleten platerak hobetzeko proiektua saritu dute enpresa industrialen ideia lehiaketan

Barren.eus 2015ko aza. 18a, 14:57

Gazteentzako TKgune enpresa industrialen ideia lehiaketaren 2. edizioko sariak gaur banatu dituzte Elgoibarko udaletxean. Bi ekintzaile nafarrek aurkeztutako ideiak saritu dituzte. 

Mikel Zubieta etxalartarrak irabazi du enpresa-industrial ideiarik onenaren saria, bizikleten platerak aldatzeko sistema hobetu lezakeen proiektua aurkeztu ondoren. Mikel Zubietak ingeniaritza industrialean doktoretza egina du eta Eibarko IK4 Teknikerren bost urtez lan egin ondoren lana utzi zuen bere enpresaren sorkuntzan buru belarri aritu ahal izateko.

Berako Mikel Calderonek, berriz, Lanbide Heziketako ikasle ohiaren enpresa-industrial ideia onena lortu du metaleko 3D inpresoen bidez injekzio-moldeetarako zerbitzuen inguruko proiektua landu baitu. Mekanikako Ingeniaritza Teknikoa amaitu eta urte bete ondoren, goi mailako Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko zikloa ikasi zuen, Hezibi ereduan. Joan den ekainean amaitu zituen ikasketak eta bere kabuz lan egitea erabaki zuen.

•Ekintzailetasuna sustatzeko

Ekintzaile industrialek azken urteotan proiektu gutxi samar garatzen dituzte. Gai honekin kezkatuta dabiltza IMHn eta ekintzailetasuna sustatzeko asmoz antolatu dute ideia lehiaketa, TKgune Sareko beste ikastetxeekin batera eta euskal erakunde eta hainbat enpresen laguntzarekin. Gazteentzako proiektu industrialen ideia lehiaketako bigarren edizio honetan, lehen sariak 2.500 euroko saria eskuratu du eta ideia garatzeko 40 orduko formazioa. Horrez gain, proiektua garatzeko 100 ordu erabili ahal izango ditu aholkularitzan eta beste 300 ordu baliabideak erabiltzeko (makinak, laborategiak...)

Lanbide Heziketako ikasle ohiaren enpresa-industrial ideia onenak 2.000 euroko saria eta prototipo eta negozio eredua garatzeko aholkularitza eskuratu du.

Iaz, estreinako edizioan, Asier Lizarralde elgoibartarrak aurkeztutako ideia batek eskuratu zuen saria. Zuhaitzak inausteko makina automatiko aurreratua egiteko ideia aurkeztu zuen Lizarraldek, sei metrotik gora dauden adarrak inausteko balio duena.

Lotura duten albisteak:

2015 11 18 ideia industrial lehiaketa zubieta

2015 11 18 ideia industrial lehiaketa

2015 11 18 ideia industrial lehiaketa 1