Sabadell banketxearen zenbait bulego itxiko dituzte eskualdean

Barren.eus 2021ko ira. 14a, 13:47

Gipuzkoan dituen 39 bulegotatik 19 itxi egingo ditu Sabadell banketxeak. Debabarrenean dituzten zenbait ordezkaritza ere itxiko dituzte.

Soraluzeko Pil-Pilean herri komunikabideak jakitera eman duenaren arabera, Sabadell banketxeak hiru ordezkaritza itxiko ditu Debabarrenean (Soraluze, Ermua eta Deba) eta hiruk jarraituko dute martxan (Eibar, Mutriku, eta Elgoibar). Hori bai, kutxazainek funtzionatzen jarraituko dute. Elgoibarko bulegoaren kasuan, zabalik mantenduko duten arren, aurrera begirako funtzionamendua ez dute zehaztu.

Ofizialki, uda ondoren hasi zitzaizkien SabadellGuipuzcoanoko langileei bulegoen itxieraren berri ematen. Egunotan, enpresako zuzendaritza eta langileen ordezkariak negoziazio prozesuan dabiltza, izan ere, bulegoak ixteaz aparte, banketxeak EREa edo EEEa aplikatu nahi du lantaldean, Enplegu-Erregulazioko Espedientea, eta, horren gaineko baldintzak negoziatzen ari dira. Langile batzuk lekuz aldatuko dituzte, beste batzuk aurre-erretiratu eta susmoa dute beste hainbat kalean geratuko direla. Soraluzeko bulegoan bi beharginek dihardute lanean, Elgoibarkoa da bata eta Bergarakoa bestea. Esperantza dute Eibarko bulegora lekualdatuko dituztela.
Enpresako zuzendaritzak langileei emandako azalpenen arabera, digitalizazioaren ondorioz egin nahi dute Sabadell banketxearen berregituraketa.