Debabarrena eskualdea ekonomikoki suspertzeko ponentzia bultzatu dute EAJk eta PSE-EEk Legebiltzarrean

Barren.eus 2021ko uzt. 20a, 11:15

Eskualdeko adierazle ekonomikoak suspertzeko jarduera espezifikoak behar direla uste dute EAJ eta PSE-EE alderdiek, eta horiek lantzeko foro bat sortuko dute. Hala, bi alderdietako talde-parlamentarioek Legez besteko Proposamen bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarreko Ganberaren erregistroan, Debabarreneko eskualdea suspertzeko ponentzia bultzatzeko.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak talde-parlamentarioek irailean tramitatuko dute foroa sortzeko ponentzia. Foro horrek Debabarrena eskualdeak dituen behar ekonomikoen inguruan "hausnarketa sakona" egiteko balioko duela argitu dute, Covid-19 krisiaren ondoren industria-ehuna galtzea saihesteko eta haren birsorkuntza ekonomikoa sustatzeko. Bi talde politikoen ustez, eskualdeko adierazle ekonomikoak suspertzeko jarduera espezifikoak behar dira Debabarrenean. “Azkenaldian, testuinguru ekonomikoak eta, batez ere, egoera soziosanitarioak eragindako zailtasunek arriskuan jarri dute inguruko industria-ehuna eta enpresa-proiektu berrien garapena, bai eta lanpostu berrien sorrera ere”.

Foroaren sustatzaileek hainbat erakunde gonbidatu dituzte parte hartzera: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia, eta Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku, Mallabia eta Ermuko udalak. Eta baita bestelako eragileek ere, sindikalistek, enpresariek, ekonomialariek eta besteak beste. EAJ-PNVko Irune Berasaluze mendaroarra, eta Eibarko Eneko Andueza bozeramaile sozialista izango dira bi alderdietako ordezkariak foroan.

Foroaren eraketa hurrengo bilkura-aldian onartuko da (irailean) eta haren funtzionamenduak ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Oarsoaldeko eskualdeetan eta Aiarako eskualdean eta Urduña, Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldo udalerrietan zentratutako ponentzien adibideari jarraituko dio. Ponentzia horiek aurreko legegintzaldian eta legegintzaldi honetan garatu dituzte Ganberan.