Makina-Erremintaren Biurtekoa 2022ko ekainaren 13tik 17ra egingo da

Barren.eus 2021ko uzt. 2a, 11:20

Europako topagune industrial garrantzitsuenetako bat den Makina-Erremintaren Biurtekoa itzuliko da datorren urtean, 2022ko ekainean, pandemiak eragindako iazko hutsunearen ondoren. Funtsean betiko BIEMH izango da, baina "indartuta" etorriko dela aurreratu dute antolatzaileek.

Dinamismoa nagusitzen eta dena bere onera itzultzen hasi dela diote antolatzaileek, eta hori dela-eta, Makina-Erremintaren Biurtekoa (BIEMH) 2022ko ekainaren 13tik 17ra itzuliko da Bilbao Exhibition Centre-ra. Antolatzaileen arabera, Biurtekoa erreferentzia bat da nazioartean, eta Europako topagune industrial garrantzitsuenetako bat, Bizkaian egiten den industria feria handiena izateaz gainera.

BECeko Komunikazio Sailetik jakinarazi dutenez, bere bertsiorik onenarekin bueltatuko da Makina-Erremintaren Biurtekoa, "berriro elkartzeko plataforma bihurtuko da, konfiantza eta motibazioa pizteko, kontaktuak aktibatzeko, eta berrikuntza, negozioa eta aukera berriak eskaintzeko". Asmo horretan, 'More BIEMH than ever' izango da [Inoiz baino BIEMHago, horiek dira erakustazokaren gaztelaniazko siglak] hurrengo urteko azokaren leloa.

Datorren urteko edizioan, “You make it big” markarekin batera doan ohiko leloa “You make it big again” (zuk handi egiten duzu berriro) bihurtuko da. Horrekin, BIEMHen antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete berriro urtez urte erakusketan parte hartzen duten enpresa guztiei, "beren konpromisoagatik, leialtasunagatik eta gogoagatik".

Biurtekoa antolatzen duen Aholkularitza Batzorde Teknikoa Bilbao Exhibition Centre-ko instalazioetan bildu zen orain gutxi. Advanced Manufacturing Technologies-eko (AFM) eta Bilbao Exhibition Centre-ko ordezkariek hartu zuten parte bileran, erakusketaren antolatzaileak diren heinean. Halaber, Makina Erremintaren Inportatzaileen Elkarteko (AIMHE) kideak ere izan ziren, Eusko Jaurlaritzarekin batera erakunde laguntzailea baita. Bilera horretan sektorearen egoera aztertu zuten, eta, garai zail batzuen ondoren aurreikuspen baikorrak daudela ondorioztatu dute, aurtengo lehen lau hilabeteetako kaptazio datuak 2019koetatik gertu daudelako. AFMren prospektiba-paneletako aurreikuspenen arabera, eskaerak asko handituko dira 2021 osoan, "% 25 inguru".

∞Lotura duten albisteak: