Basque Health Cluster erakundeak Jose Miguel Azkoitia Saria sortu du, Elgoibarko enpresa-gizonaren omenez

Barren.eus 2021ko eka. 25a, 13:21

2018ko otsailaren 6an hil zen Jose Miguel Azkoitia Artetxe elgoibartarra, 57 urte zituela. Hil aurreko urteetan Bio-Osasun sektorea aktibatzeko lanean jardun zen, eta lan horri aitortza egin dio orain Basque Health Cluster erakundeak, sariketa bati bere izena jarriz.

Sari honen helburua da Euskadiko Biozientzien eta Osasunaren sektorea sustatzeko lanean diharduten pertsona edo erakundeak saritzea. Osasunaren Euskal Klusterrak bi urtean behin emango du saria.

Jose Miguel Azkoitia Ingeniari industriala zen Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan lizentziatua, eta Doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat jarduera akademiko garatu zituen, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Madrilgo Konplutense Unibertsitatearekin. Bere ikertzaile ibilbidea ingeniaritza biomedikoaren, osasun arloko teknologien, robotikaren eta IKTen inguruan garatu zuen. Horrez gain, irakasle, ikertzaile eta kudeatzaile jarduera uztartu zituen zientzia eta teknologiaren dibulgazioarekin. Tecnaliako osasun alorraren sustatzailea eta garapen zuzendaria ere izan zen.

Luis Goenaga Fatronik enpresako sortzaile eta zuzendari izandakoak lankide eta lagun izan zuen Jose Miguel Azkoitia. Mondragon taldean zebilen orduan Goenaga, kooperatiba munduan: “1987an jarri nuen martxan Fatronik enpresa Elgoibarren, eta Josemi izan zen enpresarako hirugarren fitxajea”. Teknikerren lan egiten zuen orduan Jose Miguel Azkoitiak, Luisen anaia Iñaki Goenagarekin batera, eta hark egin zituen bitartekari lanak. Fatronik erreminta makinaren sektoreko I+D enpresa moduan jaio zen. 98-99 urteen bueltan fundazio bilakatu zen, eta ikerkuntzarako eta garapenerako zentro teknologiko modura funtzionatzen hasi zen. Robotika, mekatronika eta sektoreko beste hainbat alorretara zabaldu zen Fatronik, eta 2003-2004. urteen bueltan osasunaren sektorera jauzi egitea proposatu zuen Jose Miguel Azkoitiak: “Harrituta geratu ginen, baina berak argi ikusi zuen. Zahartzaroak kezkatzen zuen Josemi, gizartea zahartzen ari zen eta zahartzaroari begira ekarpen handia egin genezakeela uste zuen” (ikus honako bideoan). Horrela sortu zuten osasun adarra Fatronik barruan, eta Jose Miguel Azkoitia izan zen adar horren sustatzaile nagusia: “Bisionarioa zen, etorkizunari aurre hartzeko gaitasuna zeukan, eta dena isilean egiten zuen, sekulako umiltasunez”.

2008ra arte jardun zuen enrpresak Fatronik izenarekin, Tecnalia sortu zuten arte. Euskadiko hamar ikerketa zentro batu ziren Tecnalia sortzeko; Arabako bi, Gipuzkoako lau eta Bizkaiko lau. Tecnaliaren sorrera horretan “pieza ezinbestekoa” izan zen Azkoitia: “Gizon umila zen, oso langilea. Lanean ari zela, isilean, doktoretza ikasketak egin zituen eta doktore titulua atera zuen”.

2008an hartu zuen erretiroa Luis Goenagak, hain justu ere, Tecnalia sortu zutenean, baina gerora ere, hainbat urtez jarraitu zuen Tecnaliari lotuta, Jose Miguelek eskatuta: “Lagun handiak ginen, eta jubilatu behar nuenean eskatu zidan Tecnaliako zuzendaritza taldean sartzeko, eta osasun adarrean jarraitzeko eskatu zidan, eta halaxe egin nuen, batez ere, bera zebileako buru-belarri proiektu hura sustatzen”. Azken unera arte izan ziren lagunak Goenaga eta Azkoitia, eta harreman estua izan zuten: “Hil aurreko egunean hitz egin genuen telefonoz. Datu batzuk eskatu zizkidan eta hurrengo egunerako agindu nizkion. Lanetik irten, eta korrika egitera joan zen Josemi, hori zelako bere zaletasunetako bat. Ez zen hurrengo egunik egon. Ezin nuen sinetsi”.

Enpresa munduaz aparte, herrigintzan ere aritu zen Jose Miguel Azkoitia. Mintxeta atletismo taldean zebilen, musika bandan... “herrian oso integratuta zegoen, eta oso maitatua zen. Merezitako omenaldia egin dio Osasun Klusterrak sari honekin”.