Iker Maguregi: “Autoa noizbehinka behar duen jendearentzako alternatiba da ‘car sharing’-a”

Barren.eus 2021ko eka. 25a, 09:34

2009an jarri zuen martxan Ibilkari egitasmoa Iker Maguregik (Elgoibar, 1976). Car sharing edo autoa partekatzeko helburua duen egitasmoa da Ibilkari. Autoa gutxiago erabilita, ingurumena zaintzea du egitasmo honek oinarrian, kutsadura murriztea. Europan oso zabalduta dago eredu hau, eta handik ekarri zuen Maguregik ere.

Alemanian ibili izan zen aldi batez, eta han ikusitakotik hasi zen ideia hau garatzen Euskal Herrirako. Bilbon eta hango inguruetan ematen du zerbitzua Ibilkarik. 15 ibilgailu dituzte Bizkaiko hainbat eremutan, eta 200 erabiltzaile inguru.

 • Ibilkari ekimenaren sortzaile eta arduraduna zara. Kontaguzu, zer da Ibilkari?
Car sharing edo autoa partekatzearen kontzeptuarekin sinistuta hasi nintzen proiektu hau gauzatzen. Azken batean, pertsona talde batek ibilgailuak modu antolatu eta egituratuan erabiltzean datza kontzeptua.

 • Nola bururatu zitzaizun ideia?
Europan ezagutu nuen car sharing-a. Alemanian zehar ibili nintzen garai batean, eta ordurako kontzeptu hau zabalduta zegoen han, eta baita Suitzan eta Herbehereetan ere. Ideia honekin maiteminduta geratu nintzen. Ingeniaritza ikasketak amaitu nituenean hasi nintzen egitasmoari forma ematen, eta proiektua aurkeztu nuen enpresak sortzen laguntzen duten erakunde horietako batera. Markinan egin nituen ikasketak eta hango Azaro fundazioan aurkeztu nuen. Gustatu zitzaien ideia eta aurrera egin nuen. 2000. urtean-edo ezagutu nuen hau, eta bost urte geroago aurkeztu nuen proposamena. Bartzelonan ere hasiak ziren ordurako horrelako ideiak garatzen, eta horrek ere nolabait lagundu zion nire proiektuari. Dirulaguntza bat eman zidaten egitasmoa martxan jartzeko. Car sharing-ak dituen elementu ekologikoek piztu zidaten interesagatik iritsi nintzen hona. Jarduera ekonomikoan ere banuen interesa, baina bereziki, ingurumena zaintzearen kontzientziak deitzen zidan. Testuinguru horretan sortu nuen Eusko Car Sharing proiektua, eta gerora elkarte bihurtu genuen. Ez genuen negozio huts moduan ikusten; hau da, garraio publikoari lotuta, mugikortasunaren kultura aldatzera zetorren proiektu bat ikusten genuen, eta horregatik sortu genuen elkartea. Zerbitzua martxan jartzea nahi izan genuen, baina Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko legeak (LOTT) enpresa izatea eskatzen zuen, eta horrela sortu genuen Ibilkari ekimena. Ibilkari hitza nomadekin lotu genuen. Etxerik gabeko nomada moduan. Gure kasuan, autorik gabeko nomadak dira erabiltzaileak.

 • Zein motako erabiltzaileentzat da car sharing zerbitzua?
Autoa noizbehinka behar duen jendearentzako alternatiba da. Azken batean, autoa jabetzan eduki beharrean, auto bat daukazu eskura, behar duzunerako. Autoa erosteko zalantzan dagoen jendeari gomendatuko nioke zerbitzu hau probatzea lehenengo. Agian nahikoa zaio, eta dirua aurreztuko du. Autoa erosteko aukera beti dago hor, baina diru hori aurrezteko aukera ere interesgarria da.

2021 06 25 iker maguregi ibilkari carsharing elk barren elgoibar 4

 • Nola funtzionatzen du Ibilkarik?
24 orduz dago erabilgarri zerbitzua, eta norberak behar duenerako erreserbatu dezake ibilgailua, beti ere, libre badago. Oso gutxitan tokatu zait bi pertsonek ordu berean ibilgailu berbera behar izatea, eta horrelakoren bat gertatu izan denean, topatu izan ditugu irtenbideak. Normalean ez dugu arazorik izaten. Behin erreserba eginda, autoa aparkatuta dagoen tokira joan behar da, eta erabili ondoren, leku berean utzi. Ibilkarik aparkaleku batzuk ditu beretzako gordeta, beraz, ez dago aparkatzeko leku bila ibili beharrik. Giltzik ez da behar autoa zabaltzeko, txartel batekin edo sakelako telefonoan deskargatutako aplikazio batekin ireki daiteke. Autoa martxan jartzeko giltza auto barruan aurkituko du erabiltzaileak. Auto bat daukazu zure eskura, baina ez zara haren jabe eta ordaintzen duzu erabiltzen duzuna. Orduko eta egindako distantziaren arabera ezartzen da prezioa.

 • Ibilkariko auto bat erreserbatu nahi duenak zer egin behar du?
Gu ez gara autoak alokatzen dituen enpresa arrunta. Guk nahi dugu gurera iristen dena gurekin geratzea; hau da, bizitza estilo bat sortzea. Ez gara Euskal Herrira oporretara datozen turistei autoa alokatzeko enpresa. Erabiltzaileek eskubide eta betebeharrak dituzte, eta nahiago dugu konfiantzazko jendearekin lan egitea. Atzerritik etortzen den turista batekin arazoren bat izanez gero, nola lokalizatu behar dugu? Hura joango da berriz bere herrialdera eta arazoa gurea izango da. Horregatik eskatzen dugu webgunean alta ematea, identifikatzea eta kuota bat ordaintzea zerbitzua erabiltzeagatik. Bezeroekin konfiantzazko harremana izatea gustatzen zaigu. Horrela aritzen gara, eta hamar urtean ez dugu arazo larririk izan inorekin. Behin alta emanda, autoa erreserbatzen da, eta listo. Ez dago mugarik. Erreserbatu daiteke ordubeterako, egun osorako edo baita astebeterako ere. Opor sasoian, esaterako, ohikoa da egun bat baino gehiagorako erreserbatzea.

 • Zein prezio dauka Ibilkariko auto bat erabiltzeak?
3 euro kobratzen dugu ordua, BEZ barne, eta kilometroko 0,26 euro. Erregaia ez da ordaintzen, kilometroaren prezioan sartzen da. Hortaz, prezioa jartzeko, denbora eta kilometro kopurua kalkulatzen da. Erabiltzaileentzako eta guretzako prezio orekatua jarri behar da, bestela zerbitzuak porrot egingo du. Auto garestiak erosi eta prezio altua jarriz gero, inork ez luke erabiliko, eta aldiz, zerbitzua oso merke jarriko bagenu, zerbitzua defizitarioa izango litzateke. Oreka horretan asmatzea da klabea, zerbitzuak denboran iraun dezan.

 • Zer abantaila ditu car sharing-ak erabiltzaileentzat?
Autoa erostea garesti irteten da, eta erostea bera izaten da askotan errazena. Autoa erostea kostu osoaren %80 izan daiteke. Jende askok uste du autoa erosita gastu guztia eginda dagoela eta gasolina botatzea bakarrik geratzen dela, baina gastu asko ditu autoa jabetzan edukitzeak. Horrez gain, etxe askotan bi auto behar izaten dira une batzuetan, baina familia askorentzat bi auto mantentzea ezinezkoa da. Autoa erosteko aukerarik ez duten horientzako alternatiba egokia da car sharing-a. Jende askok bere mugikortasun beharrak garraio publikoarekin asetzen ditu, hirietan batez ere. Baina badaude egoera jakin batzuk garraio publikoarekin asetu ezin direnak. Demagun medikua duzula ordu zehatz batean, leku jakin batean, eta garraio publikoan iristeko ez duzula aukerarik. Egoera horretan guk auto bat jartzen dugu erabiltzailearen eskura, eta hori askoz merkeagoa da autoa jabetzan edukitzea baino. Horrez gain, sistema honekin autoaren inertziazko erabilera gutxitu egiten da. Hau da, askotan, autoa jabetzan duenak behar-beharrezkoa ez duenean ere erabiltzen du autoa. Jabetzan daukanez autoa, ez da saiatzen garraio publikoa erabiltzen, edo beste alternatibaren bat aurkitzen. Autoa dugunok askotan pentsatu gabe erabiltzen dugu autoa, inertziaz. Sistema honekin autoaren erabilera zentzuduna sustatzen da eta mugikortasun ohiturak aldatzen ditu, iraunkortasunaren mesedetan. Nik badakit gure erabiltzaileentzat gurea azken aukera dela. Hau da, beste alternatiba guztiak aztertu eta denak baztertu ostean erabakitzen dute partekatutako autoa hartzea. Gure helburuak dira gizarteari aukera berri bat eskaintzea mugikortasunari dagokionez, eta bestetik, autoarekiko daukagun menpekotasuna gutxitzea eta iraunkoarragoak izatea.

 • Garraio publikoarekin nola uztartzen da zerbitzu hau?
Garraio publikoaren osagarri da. Garraio publikoarekin ezin zara toki guztietara iritsi, muga ekonomiko eta fisikoak dituelako. Autoa eta garraio publikoa lehian jarriko bagenitu, denok dakigu nork irabaziko lukeen, bereziki, autoak eskaintzen duen malgutasunagatik. Europan garraio publikoaren osagarri moduan ulertzen dute zerbitzu hau, eta erakunde askok egin dute honen aldeko apustua. Alemanian 180 erakunde daude car sharing-a sustatzen.

 • Zein motako autoak erabiltzen dituzue?
Izan daitezke elektrikoak edo konbustiokoak. Guk konbustiokoak ditugu. Azken batean, zerbitzuak ere iraunkorra izan behar du, eta horretarako prezioak denen poltsikorako modukoak jarri behar dira. Auto elektrikoek 30.000 eurotik gora balio dute, eta ondorioz ordua askoz garestiago kobratu beharko genuke. Eta autoak izan daitezke erakundearenak edo partikularrak. Egon daitezke adibidez familia batzuk bigarren autoa gutxi erabiltzen dutenak eta erabaki dezakete auto hori auzotarrekin edo gertukoekin partekatzea. Hemen ez da oso ohikoa, baina Europako herrialde batzuetan egiten da eta arrakasta handia dauka. Gauzak partekatzearen kultura Europan askoz zabalduago dago hemen baino. Maila intelektualean 2050ean gaude, baina pragmatikoan 80ko hamarkadan gaude oraindik hemen. Ez zait hitz hau gustatzen, baina Euskal Herrian oso kontserbadoreak gara zentzu horretan. Einsteinek esaten zuen errazagoa zela atomo bat suntsitzea, ohiturak edo kultura aldatzea baino.

 • Auto elektrikoak izango dira zure ustez nagusi etorkizunean?
Indartsu sartuko da elektrikoa, baina denbora beharko du oraindik. Lege aldetik erabakia hartuta dago eta hemendik urte batzuetara elektrikora bideratuko gaituzte. Konbustioko motorrak saltzeko zailtasunak jarriko dituzte, eta klima zaintzeko kontzientziazio honen aurrean elektrikorako aldaketa etorriko da. Merkatuaren aldetik baino gehiago, legediatik etorriko da aldaketa. Tendentzia horra doa, baina oraindik oso garestiak dira. Bateriak badirudi gero eta merkeagoak izango direla, baina kargaren asuntoa ere hobetu beharra dago oraindik. Garajea duenak, autoa kargatzeko aukera dauka gauez eta etxetik tankea beteta irtengo da hurrengo egunean, baina arazoa da hemen auto askok kalean egiten dutela lo. Autoak kargatzeko sistema hobetzea garrantzitsua da.

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1208. zenbakian -PDF-

2021 06 25 iker maguregi ibilkari carsharing elk barren elgoibar 2