Txankakua merkatari elkarteak deskontu kupoien kanpaina abiatu du azaro osorako

Barren.eus 2015ko aza. 2a, 08:45

Erosketa Bonua 2015 izeneko deskontu kupoien kanpaina jarri du martxan Txankakua Elgoibarko merkatari elkarteak, Elgoibarko Udalarekin elkarlanean. Hala, herriko 45 saltokitan erosketak %20rako beherapenarekin egiteko aukera izango da.

Txankakuatik jakinarazi dutenez, merkataritza jarduera bultzatzea eta Elgoibarren kontsumoa sustatzea dira kanpainaren helburuak, eta horretarako, merkatari txikiei laguntzeko deskontu kupoiak atera dituzte. Honakoa da funtzionamendua: 40 euro ordainduta, erosketarako bonua jaso ahal izango du jendeak. Bonu horrekin, baina, ondoren 50 euroko balioa izango duten erosketak egin ahal izango dira Elgoibarko 45 establezimendutan. Bonuak Rural Kutxan eskuratu daitezke, azaroaren 2tik 13ra arte. Guztira 1.000 bono atera dituzte. Elgoibarren erroldatuta daudenek bakarrik jaso ahal izango dituzte bonoak; eta, bono bana jasoko dute aurkeztutako NAN agiri edo erroldatze bakoitzeko. 50 euroko bonu hori, 25 euroko bi bonutan egongo da zatituta. Erosketa egiteko unean, bi bonu oso meta daitezke tiket baten, hau da, 100 euroko balioraino. Ezin da zatikatu, hau da, erosketak 25 eurokoa edo gehiagokoa izan behar du. Bonuak ez dira inoiz diruagatik trukagarriak izango, produktua itzultzen bada eta besteren bat ez bada eramaten, merkatariak erosketa txartel bat igorriko du erosketaren zenbatekoarekin.