Makina-erremintaren sektorean %15rainoko hazkundea espero dute AFMko arduradunek, eta 2019ko mailetara hurbiltzea

Barren.eus 2021ko mai. 17a, 09:02

Makina-erremintaren fakturazioa % 19,65 jaitsi zen 2020an, pandemiak eragindako lurrikararen ondorioz bereziki. Urritik aurrera, baina, eskaera berriak sartzen hasi zirela adierazi du AFMko zuzendari Xabier Ortuetak, eta susperraldi hori mantentzen bada aurten % 12 eta 15 artean haztea espero dute, 2019ko mailetara hurbilduz.

Cesar Garbalena AFMko presidenteak eta Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak sektoreak bizi duen egoeraren berri emateko prentsaurrekoa agerraldia egin zuten maiatzaren 12an, Donostian. 2020ko itxierari buruzko behin betiko datuak eman zituzten, eta horien arabera, 1.324,12 milioi euroko fakturazioa izan du sektoreak 2020. urtean. Aurreko ekitaldian 1.647,86 milioi euro izan ziren. Hortaz, %19,65 jaitsi da fakturazioa.

2021 05 12 AFM xabier ortueta cesar garbalena

Esportazioek % 22,25 egin zuten behera iaz, 1.006,01 milioira arte; 2019an 1.293,93 milioi izan ziren. Barne salmentak, berriz, % 13,41 jaitsi dira eta eskaerek % 23'5 egin dute behera, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. AFMko arduradunek zehaztu dute sektoreak mundu mailan izandako galeren (%19,18) parekoak izan direla hemengoak. Industria sektore hau Gipuzkoan dago sustraitua bereziki, eta Elgoibarrek pisu handia du. DanobatGroup, Fagor Automation, Fagor Arrasate, EtxeTar Group, Ibarmia, Koniker, Zayer... Euskal industriaren abangoardia ordezkatzen duten ehundik gora konpainiak osatzen dute AFM makina-erremintaren klusterra.
 • "Baikor eta indartsu", 2021. urte hasierarekin
Sektoreak zutik mantentzea lortu duela adierazi dute AFMko arduradunek eta orain "baikor eta indartsu" daude aurtengo urteak ekarriko duenari aurre egiteko, baina, aldi berean, "errespetu handia" diote etor daitekeenari, iaz fakturazioak izan zuen jaitsiera nabarmena dela-eta. Erreminta makinaren merkatuak "dinamismoarekin" hasi duela urtea azaldu du Ortuetak, enpresak urrian jasotzen hasi ziren eskaeren ondorioz. Bigarren hiruhilekoan lehenaren eskera mailari eusten bazaio, sektorea sendo haziko dela 2021ean uste dute klusterreko arduradunek. Sektorearen susperraldia %12 eta %15 artekoa izango dela aurreikusten dute. Hori bai, susperraldiak eragin desberdina izango du sektorean, espezializazioaren araberakoa. Hala, autogintzarako jarduten duten makina-erremintako enpresak sendo ari direla lanean azaldu du Ortuetak eta, sektorea bultzatzen ari dira trengintza eta energia berriztagarriak ere. Aldiz, aeronautika sektorerako lanean dihardutenentzako aurrekuspena da bi-hiru urte beharko direla normal hasteko lanean.
Makina-erremintaren sektoreko enpresen nazioartekotze maila gero eta handiagoa da. Gaur egun, salmenta guztien %76 dira esportazioak. Nazioartekotzearekin lotuta, Txina da orain euskal enpresen lehen herrialdea esportazioetan, Alemania eta AEBen aurretik. Izan ere, lehenago suspertu dira Txinako eta AEBtako ekonomiak.
Amaitzeko, azken hilabetean sektorea berrindartzeko eta eraldatzeko estrategia lantzen aritu direla esan dute AFMko buruek, eta horren barruan “e-Machine Digital Workshop” egitasmoa nabarmendu dute, digitalizazioan eta jasangarritasunean oinarritutako asmo handiko egitasmo "eraldatzailea".