Merkataritzaren Eguna ospatuko dute Mendaron zapatuan

Barren.eus 2021ko mai. 13a, 09:22

Merkataritzaren Eguna ospatuko dute Mendaron zapatuan (maiatzak 15). Bigarren eskuko azoka egingo dute Goñati pilotalekuan, eta herriko zenbait dendek ere ipiniko dituzte postuak. Era berean, amaitzear den Udaberriko merkataritza kanpainako sariak ere zozkatuko dituzte.

Maiatzaren 14a bitartean abian izango da Mendaron udaberriko merkataritza kanpaina, tokiko merkataritza eta kontsumoa bultzatu eta suspertzeko hainbat sari eta zozketekin. Herriko hamahiru saltokik bat egin dute kanpainarekin: Galle-tiak, Farmazia, Leire, MªAxun, Perosanz, Puxika, Lutximak, Itxasertz, Anton, Coviran, Art Fruit, SGerons eta Morroskillo.

Horrela, maiatzaren 14a arte (egun hori barne) komertzio horietan 15 euro edo gehiagoko erosketak egiten dituzten bezeroek zozketa tiket bat jasoko dute. Bezeroek tiket hori maiatzaren 15a arte jaso beharko dute. Egun horretan, guztira bederatzi sari zozkatuko dituzte kanpainan parte-hartu duten guztien artean.
Lehen saria jasotzen duenak Ederki-Lutximak-en bi zerbitzuetan 50 euroko deskontua eta kanpainan parte hartu duten hamahiru dendetan erositako 50 euroko produktuak jasoko ditu. Gainerako zortzi sariak kanpainan parte-hartu duten dendetan gastatzeko 50 euroko deskontu bonuak izango dira, eta uztailaren 31a baino lehen erabili beharko dira.
Tiket saridunen zenbakiak Mendaroko Udalaren webgunean, udal taulan eta parte-hartu duten establezimenduetan iragarriko dira. Sariak, halaber, udaletxeko Arreta zerbitzuan jasoko dira, saridun zozketa tiketa aurkeztuta, maiatzak 30a baino lehen.
 • Merkataritzaren Eguna
Udaberriko kanpainarekin batera, maiatzaren 15ean Merkataritzaren Eguna ospatuko dute Mendaron, eta ospakizun horri indarra emate aldera, 11:00-14:00 bitartean, bigarren eskuko azoka egingo dute, eta herriko zenbait dendek postuak jarriko dituzte pilotalekuan.
Egun horretan, halaber, aurrez aipatu bezala, udaberriko kanpainako zozketa egingo da, kanpainan zehar parte-hartu duten bezeroen artean.