Merkataritza bultzatzeko ‘Elgoibar Bizi-bizixa’ bonoen kanpaina berria martxan jarriko du Udalak

Barren.eus 2021ko mai. 12a, 12:27

Herriko merkataritza sustatzeko laugarren “Elgoibar Bizi-bizixa” kanpaina jarri du abian Elgoibarko Udalak, 30.000 euroko ekarpena eginda. Kanpainara batu nahi duten merkatariek gaurtik aurrera dute izena emateko aukera, eta hamar laneguneko epea izango dute.

 Elgoibarko Udalak jakitera eman duenez, 30.000 euroko inbertsioa egingo du ‘Elgoibar Bizi-bizixa’ bonoen kanpaina berri honetan, eta horri esker, 3.000 merkataritza-bonu aterako dituzte. Herritarrek, bonuak, establezimenduetan erosi behar dituzte erosketa egiterako unean bertan, eta hala, %30eko deskontua eskuratu ahal izango du egindako erosketetan. Kanpainak merkataritza eta zerbitzu establezimenduak "hauspotzea" du xede, baina baita ere herrian kontsumitzeko eta tokiko saltokiak babesten jarraitzeko "kontzientzia piztea" ere.

Kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan egindako gastuak, gutxienez, 5 eurokoak, eta gehienez, 60 eurokoak izan daitezke.

  • 5 euroko balioa duten erosketak; Udalak 1,5 euroko dirulaguntza ematen du.
  • 10 euroko balioa duten erosketak; Udalak 3 euroko dirulaguntza ematen du.
  • 20 euroko balioa duten erosketak; Udalak 6 euroko dirulaguntza ematen du.
  • 30 euroko balioa duten erosketak; Udalak 9 euroko dirulaguntza ematen du.

Bonuak 2021eko uztailaren 30era arte trukatu ahal izango dira atxikitako dendetan, baldin eta dendak data horretara arteko bonuak baditu eta horiek merkataritza establezimenduetan erabili ahal izango dira.
Kanpaina honetara atxiki ahal izango dira, ostalaritzako sektorean diharduten norberaren konturako langilak edo autonomoak, ondasunen erkidegoak, sozietate zibilak, mikroenpresak eta enpresa txikiak, baldin eta horien jarduera deialdiaren baitan jasotako EJSNren (Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala) taulan adierazita dagoen, eta establezimendua Elgoibarko herrian kokatzen den. Taula horretan agertzen ez diren jarduerak ezingo dute kanpainan izena eman. Farmaziak, estankoak, gasolindegiak, apustuak egiteko establezimenduak, elikagaien saltokiak, azalera handietako saltokiak edo azalera handiak ez dira deialdi honetan sartuko. Hamabost langiletik gorako enpresak ere ez dira sartuta egongo.

 • Merkatariek izena emateko epea, zabalik
Jarduera ekonomikoek maiatzaren 25a izango dute izena emateko azken eguna. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Elgoibarko Udalaren web atarian www.elgoibar.eus, egoitza elektronikoaren bitartez, dirulaguntzen atarira sartu, eta xede honetarako eskuragarri dagoen berariazko inprimakia erabili beharko da.

 • Aurten 120.000 euro
Elgoibarko Udalak kontsumo bonoen hiru kanpaina egin zituen 2020an, eta horietan eginiko diru inbertsioak gogora ekarri ditu. Maiatzeko lehen kanpainarako 60.000 euro bideratu zituen Udalak, ekainean egin zen bigarren kanpainarako 57.000 euro eta urrian egindakorako, 83.000 euro.
Ane Beitia alkateak nabarmendu du Udalak herriko ehun ekonomikoarekiko duen konpromisoa erabatekoa dela. "Egoera zail hauen aurrean ahalik eta gehien laguntzeko esfortzua egiten ari gara, eta erabateko hartu-emanean gaude sektore ezberdinekin. Aurten 120.000 euro baino gehiago bideratuko ditugu ostalaritza eta merkataritza laguntzeko. Lehen pausua da hau. Industriarekin ere ari gara lanean. Lankidetza da gakoa, elkarlanean aterako gara honetatik ere”.

∞Lotura duten albisteak: