Ekintzaileentzako formazio saioak eta dirulaguntzak eskualdeko ekintzailetzaren hilabetean

Barren.eus 2021ko mai. 11a, 12:31

Ekintzailetzaren hilabetea Debabarrenean ekimena antolatu du Debegesa Garapen Agentziak maiatzerako. Doako lau formazio saio antolatu dituzte, eta bariku honetan emango dute dute bigarrengoa. 'Nola saldu zure negozio ideia' izeneko trebatze saioa emango du Ione Feijoo elgoibartarrak. Era berean, maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko epea.

 Negozio baterako ideian kontuan izan behar diren ezaugarriak zein diren jakin eta lantzeko trebatze saioak antolatu ditu Debegesa Garapen Agentziak, 'Maiatza: ekintzailetza hilabetea Debabarrenean' egitasmoaren barruan. Lau formazio saio prestatu dituzte. Doako eskaintza da eta Internet bidez eskainiko dute formazioa gai bakoitzeko adituek. Guztiek ordubete iraungo dute, 09:00etatik 10:00ak arte. Parte hartzeko izena eman beharra dago. Iñaki Lasak eman zuen aurrenekoa, 'Zure negozioa sortzeko estrategiaren garrantzia', joan den maiatzaren 6an. Ione Feijoo Uranga elgoibartarrak emango du bigarren formazio saioa bariku honetan, maiatzaren 14an. 'Nola saldu zure negozio ideia' izenburua duen saioa izango da. Feijoo nazioarteko merkatuetan markak sortzeko eta finkatzeko aholkularia da Bostnan komunikazio estrategikoko agentzian.
Hurrengo saioak:

  • Maiatzaren 14an: Nola saldu zure negozio ideia. Ione Feijooren eskutik (Nazioarteko merkatuetan markak sortzeko eta finkatzeko aholkularia Bostnanen)
  • Maiatzaren 21ean: Nola finantzatu zure negozioa. Naiara Lopezen eskutik (Analista finantzarioa Elkargi SGRn)
  • Maiatzaren 28an: Forma juridikoa eta betebehar fiskalak. Juan Bidegainen eskutik (Aholkulari Fiskala eta kontablea Torrealday Aholkularitzan)

Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, HEMEN klikatu.

2021 05 10 debegesa ekintzailearen hilabetea kartela

 • Ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzak, Debegesaren eskutik
Debegesa Garapen Agentziak kudeatuko ditu Debabarrenean ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzak; eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik. Lanbidek, Euskal Enplegu Zerbitzuak, 63.000 euro bideratuko ditu eskualdean 45 diru-laguntzatan banatuta. Horietako 25, enpresa ideia bat garatu nahi duten ekintzaileentzat izango dira; eta beste 20 diru-laguntza banatuko ditu Debegesak ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten. Langabezian egotea ezinbesteko baldintza izango da diru-laguntza eskuratzeko. Diru-laguntzen zenbatekoari dagokionean, negozio ideia lantzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada.
Eskabidea egiteko epea gaurtik, maiatzaren 14ra bitarte izango da zabalik eta eskaerak Debegesan aurkeztu behar dira edo online formatuan, ekintzaile@debegesa.eus era bidaliz. Bete beharreko eskabide-orria eskuragarri dago hemen. Halaber, argibide gehiago 943 82 01 10 telefonora deituz edota ekintzaile@debegesa.eus epostara idatziz eskuratu ahal izango dute interesa duten guztiek.
2021 05 11 debegesa ekiteko dirulaguntzak ekintzaileak • Enpresen ekintzailetzari, finkapenari eta erreleboari zuzenduriko diru-laguntza deialdia
Elgoibarko Udalak enpresei zuzenduriko diru-laguntza deialdia zabaldu berri du, ekintzailetzari, finkapenari eta ondorengotzari edota erreleboari zuzenduriko laguntza, alegia.
Laguntza ildo honen baitan, hiru laguntza lerro desberdin jaso dira:

  1. Jarduera ekonomikoa sortzeko diru-laguntza: enplegua sortzen duten enpresa jarduera berriei laguntzeko lerroa.
  2. Arlo digitala sendotzeko eta eguneratzeko diru-laguntza: enpresentzako diru-laguntzak, inguru digitala eguneratzen laguntzeko eta TicketBai ezartzeko.
  3. Jarduera ekonomikoen ondorengotzarako diru-laguntza: pertsona fisiko edo juridikoek egindako enpresa ondorengotza / erreleboa.

Laguntza hauen onuradunak izango dira edozein jarduera ekonomikotan enpresa giza eratzen diren pertsona fisiko zein juridikoak. Edozein kasutan, ezinbestekoa izango da ondorengo baldintzak betetzea:

  • Pertsona sustatzaileak langabezian egotea. Sustatzaileak bat baino gehiago izanik, horietako batek, gutxienez, langabezian egon beharko du.
  • Enpresak: proiektu berria enpresaren batek sustatzen badu, proiektuak, gutxienez, lanpostu zuzen bat sortu beharko du.
  • Lanean dauden pertsonak: enpresentzako diru-laguntzak, inguru digitalak eguneratzen laguntzeko eta TicketBai ezartzeko eta pertsona fisiko edo juridikoei enpresarekin jarraitzen edota erreleboa egiten laguntzen dioten laguntzen kasuan, eskatzailea ez da nahitaez langabezian egon behar.

Diru-laguntza lerro honetatik kanpo gelditzen dira partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko elkarteak.
Elgoibarko Udalak 25.000 euroko diru-laguntza bideratuko du, eskaeren arabera eta beharrezkoa balitz, kreditu hori handitzeko konpromisoarekin.
Diru-laguntza eskuratzeko eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea zabalik egongo da azaroaren 30a arte (egun hori barne) eta eskaera elektronikoki egin beharko da udal webgunearen bitartez (horretarako ezinbestekoa izango da B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela edo bestelako ziurtagiri digitala izatea).
Pertsona interesdunek, halaber, udal webgunean izango dute eskuragarri bete beharreko baldintzen zein aurkeztu beharreko dokumentuen informazio osagarria.