Olatz Oñederra: “Sekula ez nuke diseinatuko nik jantziko ez nukeen arroparik”

Barren.eus 2021ko api. 23a, 15:02

Diseinatzaile grafikoa da Olatz Oñederra (Elgoibar, 1974), eta bere ofizioan beste pauso bat eman du: jantziak diseinatzen hasi da. Orain dela urtebete inguru ekin zion #NikBeharDut proiektuari, pandemia betean, besarkatzea, maitatzea, muxukatzea, ukitzea... begiratzea behar zuelako. Ingurukoen babesari esker hasi zuen proiektua, eta orain, marka patentatu eta erregistratu berri du.

 

 • Nola bururatu zitzaizun ‘#NikNehar- Dut’ proiektua hastea?
Iaz hasi nuen hau guztia, pandemia hasi zenean. Etxeratu egin gintuzten, eta hasieran hamabost egunerako izango zen konfinamendua luzatu egin zuten. Lana ere jaitsi egin zen, ez genekien noiz bukatuko zen egoera hura, eta nik ingurukoen falta handia sentitzen nuen. Lanetik etxera eta etxetik lanera ibili ginen, ez geneukan inorekin harremanik eta niri gogorra egin zitzaidan. Ogia erostera joan eta norbait ikusteko desiatzen egoten nintzen. Bideo-deiak egiten genituen etxekoekin eta lagunekin, baina ez zen berdina. Harreman hori hotza da, eta denok konturatu ginen behar genuela elkarrekin egotea. Eta egoera berri horren barruan, buruari bueltaka hasi nintzen. Ohera sartu eta konturatzen nintzen behar nuela lagunekin egotea, etxekoak besarkatzea, Oñatiko lagunen falta nuela... Eta egoera horretan, sentimenduak adierazteko arropak diseinatzea bururatu zitzaidan.

 • Ideia bururatu, eta proiektua gauzatu zenuen, pandemia betean. Ausarta izan zinela esango zenuke?
Ingurukoen babesa izan dut hasieratik. Etxekoek eta lagunek eman didate aurrera egiteko indarra. Ideia komentatu nien eta denek esan zidaten oso ideia polita zela eta ateratzeko poltsa batzuk gutxienez, beraiek erabiliko zituztela. Eta horrela hasi nintzen, poltsa batzuk, kamiseta batzuk eta sudadera batzuk egiten.

 • Txiki hasi zen proiektua, baina handituz doa etengabe. Espero al zenuen horrelako arrakasta izaterik?
Ba ez, egia esan. Ideia asko izaten ditut, baina hor geratzen dira, eta oraingoan pausoa eman dut, eta oso pozik nago. Hasieratik sekulako harrera ona izan zuen. Nire ingurukoak hasi ziren lehenengo erabiltzen, baina berehala hasi zitzaidan jendea eskatzen. Kaletik nindoala ezagutzen ez nuen jendea ere ikusten nuen nik diseinatutako produktuekin, eta oso polita iruditu zitzaidan. Sare sozialek ere asko lagundu didate hau zabaltzen, eta jende askok eskatzen dizkit produktuak online bidez. Komunikabideetara ere iritsi zen proiektuaren berri, eta Euskadi Irratiko Faktorian elkarrizketa egin zidaten. Horren ostean Elgoibartik kanpoko jendea ere hasi zitzaidan eskaerak egiten, Markinatik, Donostiatik eta Bartzelona eta Madrildik ere bai. Izugarria izan da; ez nuen espero, inondik inora. Etxekoen eta lagunen babesa sekulakoa izan da eta haiei esker egin du honek aurrera.

2021 04 23 olatz oederra diseinatzailea elgoibar nikbehardut zuria

 • Eta orain marka sortu eta patentatu egin duzu. Zer aldaketa ekarri dizkizu horrek?
Ikusi nuen proiektua hazten ari zela eta marka patentatzea pentsatu nuen. Ingurukoei eskatu nien iritzia, eta baietz esan zidaten; denek animatu ninduten. Orain proiektua serioagoa dela esan daiteke. Tipografiak gehiago landu ditut eta ikonoak gehitu dizkiot. Hasieran letra hutsak ziren, baina orain irudiak ere baditu. Momentuz bi irudi sortu ditut, maitatzea eta besarkatzea. Webgunea (https://nikbehardut.eus/) ere sortu dut, eta sare sozialetan ere banago.

 • Argi zeneukan euskarazko marka izango zela?
Bai, ez dut zalantzarik izan. Esan zidaten gaztelaniaz ere egiteko, baina ez zitzaidan burutik pasatu ere egin. Ni euskalduna naiz, eta euskaraz sentitzen dut. Gaztelaniaz ezin ditut sentimentuak berdin islatu. Elkarrizketaren bat ere egin zidaten gaztelaniaz, eta izugarri kostatu zitzaidan gauzak ondo esplikatzea. Askoz hobeto azaltzen ditut gauzak euskaraz, eta argi neukan euskaraz izango zela nire proiektua.

 2021 04 23 nikbehardut kamisetak olatz oñederra

2021 04 23 olatz oñederra nikbehardut

2021 04 23 olatz oñederra nikbehardut arropa