Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publiko guztiak grebara deituak daude biharko

Barren.eus 2021ko api. 21a, 11:56

Enplegu publiko berria sortzea, lan baldintzak hobetzea eta aldi baterako kontratuekin ari diren langileen enplegua finkatzea eskatu dute biharko, apirilak 22, greba deitu duten sindikatuek: ESK, SATSE, ELA, LAB, CCOO, eta STEILAS.

Martxoaren 1ean lanuztea egiteko asmoaren berri eman zuten sindikatuek, eta, behin-behinean dauden langile publikoen egoerari buruz berba egiteko deirik jaso ez zutenez, ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek greba deialdi ofiziala erregistratu zuten apirila hasieran.

Zerbitzu publikoetan enplegua suntsitzen ari dela, berria sortzeko borondaterik ez dagoela eta ezegonkortasuna handia dela ohartarazi zuten sindikatuetako ordezkariek apirilaren 22rako deitu duten grebarako arrazoiak azaltzeko eman zuten prentsaurrekoan. “EAEko administrazioetan enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da”, esan zuten eta hainbat zerbitzu publikoa pribatizatuz joan direla salatu. “Ez dugu gehiegikeriarik esaten gobernuak zerbitzu publikoak kontzienteki ahultzen ari direla baieztatzean. Ildo horretan, azken urteotan pribatizatuz joan diren zerbitzu publikoak kontaezinak dira, eta horietako asko ezinbestekoak dira bizitzari eusteko”.
Behin-behinekotasuna
Era berean, erakunde publikoetako beharginen %40k behin-behineko baldintzetan dihardutela salatu dute sindikatuek, hau da, 60.000 langile inguru daude egoera horretan sektore publikoko arlo eta maila guztietan: udaletan, aldundietan, Osakidetzan edota hezkuntzan. Behin-behinekotasun maila “onartezina” dela salatu dute sindikatuek eta lan eskaintza publikoak ez direla nahikoak. “Lanpostuen zerrendak eta egiturazko plantillak handitzea aldarrikatu dugu, milaka langilek betetzen dituzten baina gure agintariek ezkutatzen dituzten egiturazko lanpostu horiek guztiak gehituz”. Horrekin batera. lan-karga “jasanezinak” arintzeko ratioak hobetzea exijitu dute, eta langile taldearen bataz besteko adina jaisteko aurretiko erretiro plan bat ezartzea ere bai.

Behar horiek guztiak asebidean jartzeko eta langileon eskubideak aldarrikatzeko, negoziazio kolektiboa aktibatzea eskatu dute sindikatuek, bai eta mobilizazioak antolatu ere. Hala, biharko greba egunean manifestazioak egingo dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen.